Minbiziaren aurkako Arabako Elkarteak Amurrioko Kultur Etxera hurbilduko ditu bere doako zerbitzuak

Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak (AECC Araba), Amurrioko Udalaren laguntzarekin, minbizia duten pertsonei eta haien senideei arreta emateko dituen laguntza psikologikoko eta sozialeko doako zerbitzuak hurbilduko ditu udalerrira. Zerbitzuak apirilaren 12tik aurrera hasiko dira Kultur Etxean.

Pauso berri horri esker, Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak orain arte, duela 30 urtetik, Gasteizen eman dituen zerbitzuak Amurrion ere emango ditu. “Arabako Elkarteak duen lehentasuna, ahal den neurrian, ditugun doako zerbitzu guztiak bideratzea da, eta arreta ona ematea minbizia pairatzen ari diren pertsonei eta haien senideei”, azaldu dute elkartetik.

Arreta psikologikoa eta soziala Amurrioko Kultur Etxeko lokal batean emango da apirilaren 12tik aurrera. Hortik aurrera, bai psikologoak bai gizarte-langileak astelehenero emango dute arreta Amurrion, 10:00etatik 15:00etara. Gerturatu aurretik, hitzordua hartu beharko da, 945263297 telefono-zenbakirara deituta edo alava@aecc.es helbidera idatzita.