Games Academyk tailer bat antolatu du Amurrion, aldez aurreko ezagutzarik gabe bideo-jokoak egiten ikasteko

Amurrio Bidean-ek, Euskadiko erakundeek Gasteizko F2P Campusaren bidez Euskadin bideo-jokoaren industria sustatzeko eta gazteen artean bokazio berriak sortzeko bultzatutako Games Academy ekimenarekin elkarlanean, tailer bat antolatu du ekainaren 30ean, 10:00etatik 14:00etara, Amurrioko El Reforreko instalazioetan.

Aldez aurreko ezagutzarik izan gabe bideo-jokoak sortzeko tailerraren helburua bertaratutakoei, aurretik ezagutzen ez zituzten tresnen erabilera hurbiltzea da. Bideo-jokoen garapenaren mundura modu errazean gerturatzea da xedea. Bestalde, parte-hartzaileek euren lehen mailak, mekanikak eta menuak sortu ahal izango dituzte, ikusizko oso tresna errazak erabiliz, eta horrela, lehen hartu-eman atsegin eta erraza izango dute bideo-jokoen munduarekin. Gainera, hutsetik hasita joko bat egiteko aukera ere izango dute.

“Tailerra bertaratutakoen jakin-mina eta interesa pizteko da, etxetik ikasten eta bideo-jokoak egiten jarraitu ahal dezaten, erabiltzen ikasi dituzten doako tresnekin. Azken batean, mundu mailan eta gure herrialdean etengabe hazten ari den sektore batean bokazioa piztea da helburua”, azaldu dute Games Academytik.

2018an, Espainiako bideo-jokoen industriak 1.530 milioi euro baino gehiago fakturatu zituen (aurreko urtean baino % 12 gehiago) eta dagoeneko 6.000 pertsonari baino gehiagori ematen die lana. Bestalde, bideo-joko horiek diseinatzeko eta garatzeko behar diren profilak askotarikoak dira, eta horrek esan nahi du sektore horretan interesa duten gazteek aukera ugari dituztela.

Doako izen-ematea

Tailerra doakoa da, baina aldez aurretik izena eman beharko da Amurrio Bidean-en, 945891721 telefono-zenbakian edo formacion@amurriobidean.org helbidean. 14 urtetik aurrerako gazteei dago zuzenduta bereziki, eta ez da beharrezkoa izango aurretik gaiari buruzko ezagutzarik izatea.