Amurrioko Udalak urteko zergen eta udal tasen ordainketa zatitzeko aukera emango du

Herritarrei jakinarazten zaie Amurrioko Udalak aldizkako kobrantzako zergen eta udal‑tasen ordainketa zatitzeko aukera emango duela Ordainketa Sistema Bereziarekin (OSB), banku‑helbideratzearen bidez. Amurrioko Udalarekin zerga‑zorren ordainketa eguneratuta duen edozein pertsona interesdunari zuzentzen zaio. Izapidea egiteko OSBri eskaera‑inprimakia aurkeztu behar zaio, honako hau zehaztuta: ordaintzeko betebeharra duen pertsonaren identifikazio osoa; sistemaren barruan sartu nahi den zerga erlazioa; banku‑helbideratzerako eta egin nahi den kuota kopururako (2, 3, 4 edo 9) datuak.

Edozein momentutan egiteko aukera

Izapide hori edozein momentutan egin daiteke. Eskaerak eragina izango du, eskaera egin eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera. Azpiko taulan OSBaren funtzionamenduari buruzko informazioa dago. Interesdunek informazio gehiago lor dezakete Amurrioko Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan.

NOLA FUNZIONATZEN DU ORDAINKETA SISTEMA BEREZIAK (OSB)?

‑Sistema horrekin, herritarrek banku‑helbideratzearen bidez kuota partzial eta berdinetan hainbanatutako ordainketa egin ahalko dute.

‑Azken kuotan, azaroan ordaindu beharrekoan, azken zenbatekoarekin erregularizatuko da.

‑Kuota bakoitzaren ondoriozko zenbatekoak ezingo du 10 € baino gutxiago izan.

‑Eskaera bakoitzean, ordainketapeko eta zergaldi bakarreko zorrak bakarrik sartu ahal izango dira.

‑Hainbanatutako ordainketa‑sistema horri atxikitutako zerga guztiei dagozkion zenbatetsitako zor guztiak zergadunak eskatzen duen kuota kopuruan zatituko da (2, 3, 4 edo 9). Azken kuota, erregularizaziokoa, sistema horretan betetako kuoten arteko ezberdintasunak eta subjektu pasiboari dagozkion onetsitako errolden ordainagirien guztizko zenbatekoak zehaztuko du. Amurrioko Udalak ekitaldian sortzen diren zerga‑kontzeptu berrien ordainagiriak sartu ahal izango ditu zatitutako ordainketa sistema horretan.

‑Hainbanatutako kuoten kobrantza subjektu pasiboak helburu horretarako adierazitako kontu‑korrontean zordunduko da muga‑hilabete bakoitzeko lehenengo hamar egunetan.

‑Muga‑hilabeteak honako hauek izango dira:

  • Ordainketa 9 kuotatan egitea erabaki bada: otsaila, martxoa, apirila, maiatza, ekaina, uztaila, iraila, urria eta azaroa.
  • Ordainketa 4 kuotatan egitea erabaki bada: otsaila, maiatza, iraila eta azaroa.
  • Ordainketa 3 kuotatan egitea erabaki bada: otsaila, ekaina eta azaroa.
  • Ordainketa 2 kuotatan egitea erabaki bada: maiatza eta azaroa.

‑Azken erregularizazioaren ondorio gisa Udalaren partetik itzulketa bat egin beharko balitz, ofizioz banku‑helbideratze berean egingo da itzulketa, eta kontzeptu horregatik ez da interesik emango. Itzulketa ez da gauzatuko subjektu pasiboak ordaindu gabeko zorrak baditu Udalarekin.

‑Ekitaldian zehar egiten diren ordainketak konturako sarreratzat joko dira eta sistema horri heltzen dioten zerga‑zorren ordainketara egotziko dira azken ordainketa‑aplikazioa egiten denean.

‑Kuota partzial bat ez bada ordaintzen administrazioari lepora ezin dakiokeen arrazoi batengatik, ordainketa‑sistema horren kitapen automatikoa zehaztuko da, Udalak jakinarazteko beharrik gabe.

‑Ordainketa‑sistema horretara atxikitako pertsonek edozein momentutan eska dezakete borondatezko baja, eta eskatu eta hurrengo urtean izango du eragina. Kitapenek, zein borondatezko bajek kobrantza‑sistema horretan ordura arte sortutako errolda‑ordainagirietatik kanporatze automatikoa ekarriko dute.

‑Horrela sortutako errolda‑ordainagiriak zerga bilketako sistema orokorrak aginduko ditu, dagozkion datetan likidatuko da ordaintzeko borondatezko epeen arabera.

‑Ordainketa sistema horretarako atxikimendua emanda, hurrengo ekitaldietan ere aplikatuko da, interesdunak berariazko uko egiten ez badu.

‑Zatitutako ordainketa prozedura indarrean dagoen bitartean aldizkako epemugadun ordainagiriagatik ez da beste ordainketa egiaztagiririk emango sistema beraren ordainketatik eratorria ez bada.