Amurrioko Udalak ‘Udan euskaraz blai’ aldizkaria egin du udan euskaraz gozatzeko

Amurrioko Udalak ‘Udan euskaraz blai’ aldizkaria egin du 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Argitalpen horren bidez, udako oporretan ere, herriko ikastetxeetako ikasleek euskaraz irakurtzeko, margotzeko eta jolasteko aukera izatea bilatzen da. Horretarako, argitalpenak, Amurrion zentratutako ipuinak, jolasak, marrazkiak, bertsoak, txangoak eta denbora-pasak biltzen ditu.

Horrez gain, umeentzako aldizkariak euskararekin batera bestelako balioak lantzeko aukera emango du, eta Amurrioko ingurunea, historia eta kultura emango dira ezagutzera. Barruan, neskatoek eta mutikoek zenbait espazio eta pertsonaia ezagun aurkituko dituzte, GUKen eskultura, Juan Urrutia Plaza edo Iguarrako, besteak beste.

“Umeen eta helduen artean euskararen erabilera sustatzea da gure lehentasunezko helburuetako bat. Horretarako sortu dugu denbora-pasak eta gure herriaren historia eta kultura batzen dituen aldizkari hau, udan ere euskaraz gozatzeko eta ikasteko aukera emanez”, azaldu du Julen Sasiain euskara zinegotziak.

Guztira, 800 ale banatu dira gaur Amurrioko ikastetxeetako ikasleen artean. Aldizkaria udalaren webgunean ere egongo da. Gainera, umeek euren sorkuntza lanen argazkiak bidali ahal izango dituzte euskara@amurrio.eus helbidera eta horren truke “euskaraz bizi nahi dut” material sorta bat zozkatuko da.

UDAN EUSKARAZ BLAI ALDIZKARIA