Amurrioko Udalak 2021erako 15 milioi euro baino gehiagoko udal aurrekontua onartu du

Atzo egindako ezohiko osoko bilkurak argi berdea eman dio Gobernu Taldeak 2021eko ekitaldirako aurkeztu duen 15.401.948 euroko aurrekontu-proiektuari, EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Orain Amurrio taldearen aurkako botoarekin. Covid-19aren pandemiak sortutako egungo testuinguru sozioekonomikoak markatu du udal-kontuak egiteko lana. Kontu horien helburua, COVID-19ak pertsona ahulenen eta sektore ekonomiko kaltetuenen artean izan dituen ondorioei aurre egitea, eta pertsonak eta haien ongizatea, zerbitzu publikoak eta enplegua udal-politiken erdian jartzea da.

“Gaur onartutako aurrekontuaren helburua pertsonak udal-politikaren erdian jartzea eta zerbitzu publikoen prestazioa hobetzea da. Aurrekontu zorrotza, errealista eta iraunkorra da, larrialdi sanitario, ekonomiko eta sozialari aurre egiteko”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Egungo ezegonkortasun eta ziurgabetasun ekonomikoak erantzukizunez jokatzea eskatzen du. Gizarte arloko lehentasunak eta tokiko jarduera ekonomikoa sustatzera zuzendutakoak aurrekontu-proiektuaren bi ardatz garrantzitsu dira. Batetik, gizarte-zerbitzuetarako partida handitu egin da, eta, bestetik, merkatari txiki eta ertainen Apymca elkarteari merkataritzarako bonu-kanpainak bultzatzeko emandako diru-laguntza ere handitu egin da. “Iazko udan, ekonomia suspertzeko martxan jarri zen ‘Amurrion bizi’ kanpainaren helburuei jarraipena emango diegu, herritarrei, egoera ahulean dauden pertsonei eta egungo egoerak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko”, azaldu du Molinuevok.

Enplegura bideratutako partidak bere dotazioari eutsiko dio eta 408.569 euroko zenbatekoa izango du udal, gazte eta eskualde mailako enplegu planak bultzatzen jarraitzeko. Gainera, 182.000 euro bideratuko dira udalerriko Administrazio Batzarretara eta 100.000 euro auzoetako batzarretatik irtendakoetara. Bestalde, herritarren parte-hartzearen arloa indartu egingo da, herritarren parte-hartze aktiboan eta gizartea eraldatzeko gaitasunean oinarritutako partaidetza-ekintzak bultzatzeko.

Kultura bultzatzea izango da, aurrerantzean ere, Udalaren balio seguru garrantzitsuenetako bat, iaz bezala, kultura kalera ‘aterata’, herritar guztien gozamenerako. Bestalde, Amurrion egiten diren jarduera askoren ardatza den udalerriko elkarte-sareak, aurrekontuaren % 5 jasoko du, hau da, 771.705 euro.

Inbertsioak

Inbertsioen kapitulua aurrekontuaren % 16,15ekoa da, hau da, 2.487.700 €. Horien artean Etxegoienbidean aparkaleku bat eraikitzea dago. Horrek, halaber, bizikletentzako eta oinezkoentzako sarbidea duen eremua berroneratzea ekarriko du. Era berean, energía-eraginkortasuna kontuan hartuta, argiteria berritzeko lanak amaituko dira, eta Larrabeko zabortegia behin betiko zigilatuko da. Horrez gain, udalerriko saneamendu-sareak berritzen jarraituko da. Skate park bat ere eraikiko da, aisialdirako espazio berriak eskainiz, ludoteka egokituko da, eta padel eta tenis pista estaliak eraikiko dira Reforren.

“Aurrekontuak, udalerriko proiektu estrategikoetan aurrera egiten jarraitzeko inbertsioen atal garrantzitsu bat jasotzen du, Amurrio atseginago, irisgarriago eta jasangarriago baterantz pausoak ematen jarraitzeko helburuarekin”, azaldu du Amurrioko alkateak.