Amurriok Landako auzoa urbanizatzeko eta kiroldegia eraberritzeko eskatu dio Foru Planari

Amurrioko Udaleko osoko bilkurak gaur goizean onartu du Arabako Foru Aldundiaren Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren 2022-2023 Programaren barruan bi proiektu gauzatzeko diru-laguntza eskaera. Proposatutako jarduketek Landako auzoa urbanizatzea eta Bañueta kiroldegia barrutik eraberritzea eta birbanatzea aurreikusten dute.

Datozen urteetan Udalak Landako auzoaren urbanizazioa egingo du. “70eko eta 80ko hamarkaden arteko urbanizazioa duen eremua da, eta garai hartan lekua ibilgailuentzat lehenesten zen. Arabako Foru Aldundiaren Obra eta Zerbitzuen Foru Planari aurkezten diogun aurreproiektuarekin, Landako auzoan berdegune gehiago izatea, eta irisgarriagoa izatea bilatzen dugu, oinezkoa protagonista izatea”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Ingurua berrurbanizatzeak, hornidura-azpiegiturak, hondakin-uren saneamendua, euri-uren saneamendua, elektrizitate-, argiteria publiko- eta telefonia-azpiegiturak lurperatzea eta kaleak zolatzea ekarriko du berekin, irisgarritasunaren inguruan indarrean dagoen araudira egokituta. Proposamenak 1.206.810 euroko aurrekontua izango luke, eta Landakoko bizilagunekin landuko da. “Behin betiko proiektua auzotarrek diseinatuko dute auzoko batzarretan”, adierazi du Molinuevok.

Bigarren obrak, berriz, Bañueta kiroldegiaren barrualdea eraberritzea eta birbanatzea proposatzen du. Proiektu horrek espazio berriak sortu nahi ditu kirol-instalazioan, herritarrek hautemandako beharrei erantzuteko, ikasgelak edo itxaroteko edo atseden hartzeko topalekuak, besteak beste. Udal Dantza Eskolarako lekua eta Bañuetan aritzen diren klub eta elkarteen lokalak ere hobetuko dira. Lanek 1.604.278 euroko inbertsioa eskatuko lukete.

“Une honetan, Amurrio Udal Ekipamenduen Plana egiten ari da, eta, beraz, prozesu horretatik ateratzen diren ondorioek Bañueta kiroldegiaren barruan beste espazio batzuk hobetu daitezkeela ikusteko balioko dute, betiere hobekuntzen ardatz nagusitzat zaintzak eta herritarren kontziliazioa hartuta”, azaldu du Molinuevok.