Amurriok bat egin du Dagazekin, dantza garaikidearen zaleen sarearekin

Dagaz Sarea martxoaren 11tik aurrera helduko da Amurriora, Amurrioko Udalaren harrerarekin, eta Proyecto Larrua konpainiaren eskutik ekingo dio bere abenturari. Dantza garaikidearen zaleak zorioneko daude; izan ere, aukera izango dute sarean modu aktiboan parte hartzeko, saioetara joanez eta baita ikusle gisa ere.

“Zuzeneko dantza eta arte eszenikoak definitzen dituen jarduteko modu artisanal bat markatzen du DAGAZ programak. Helburua dantza garaikidearen jardunbidea sustatzea da, Euskadin dantza garaikideko talde amateurren sare bat sortuz”, adierazi dute Dagaz Saretik. Zirkuitu horretan hiru modutan parte hartu ahal izango da, modu aktiboan, asteroko edo noizbehinkako saioekin, edo ikusle gisa.

Dantzatzeko, sortzeko eta partekatzeko saioak ostegunetan izango dira, 18:00etatik 20:00etara, martxotik maiatzera, Proyecto Larruaren eta Euskal Herriko koreografoen eskutik. Noizbehinkako saioak ere egongo dira, Dagaz sareko koreografoekin dantzaz eta mugimenduaz gozatzeko. Gainera, dantza garaikideaz ‘ikusle berezi’ gisa gozatzeko aukera ere badago, Amurrion edo Dagaz Sareko beste udalerri batzuetan egiten diren emanaldietara joan ahal izateko.

Izena emateko bidali mezu elektronikoa dagaz@dantza.eus helbidera. Asteroko dantza-saioek 15 lagunentzako lekua izango dute; hautatuen zerrenda izen-ematearen arabera egingo da.

Amurrio izango da Euskadiko hainbat herritan hedatzen ari den Dagaz Sarean parte hartuko duen Arabako lehen herria. Herri horien artean daude Durango, Berriz eta Trapaga Bizkaian, eta Zumaia, Lezo eta Hernani Gipuzkoan.