Amurriok “Amurrion gehiago irabazi euskararekin” proiektuarekin jarraitzen du

Amurrioko Udalak, bere euskara arlotik, euskararen erabilera sustatzearen alde egiten jarraitzen du kultur programazioaren eta aisialdiko jardueren bidez edo merkataritzaren, ostalaritzaren, enpresen, elkarteen eta herritarren artean hainbat kanpaina bultzatuz. Ildo horretan, Udalak datozen 5 urteetarako akordioa berritu du Ahize aholkularitza-enpresarekin, eta, horrela, 15 urtetik gorako ibilbidea duen “Amurrion gehiago irabazi euskararekin” proiektuarekin jarraituko du.

Udalerriko denda, ostalaritza, elkarte eta enpresa txikietan kontzertatzaileen sarearen bidez euskararen erabilera sustatzea da proiektuaren helburu nagusietako bat. Horretarako, urtean zehar, hizkuntzaren erabilera bultzatzeko hainbat kanpaina egingo dira.

Kanpaina horiekin batera, urte osoan zehar abian da langile euskaldunak identifikatzeko aukera ematen duen eta itzulpen-zerbitzua eskaintzen duen “nirekin euskaraz” ekimena, establezimenduetako kartelak eta dokumentazioa ele bitan jartzeko aukerarekin, eta baita euskarriak euskaraz emateko zerbitzua ere. Azken horren bidez, Udalarekin hitzarmena sinatuta duen edozein enpresak, elkartek edo establezimenduk euskarazko kartelak eska ditzake, bere negozioan erakusteko. Azken urte honetan, hitzarmen kidearen argazkia duen 25 euskarri berri eskatu dira eta ikusgai jarri dira establezimendu ezberdinetan.

 

Akordioaren berritasunak

Datozen urteetan, “Amurrion gehiago irabazi euskararekin” proiektu barruko ekintza berriak jarriko dira martxan. Sare sozialak indartzeko plan berezi bat eta proiektuarekin bat egiten dutenen webguneak euskaratzeko kanpaina berezi bat egingo dira. Era berean, hitzartutako establezimenduak binilo batekin identifikatuko dira, beraien konpromiso-mailaren arabera, eta urte bakoitzean sektore jakin batean eragiteko neurriak hartuko dira.

Oporretan ere Euskaraz

Urtebetez “Oporretan ere Euskaraz” udalekuak egin ezinik egon ondoren, eta neska-mutilen artean euskara modu ludikoan sustatzeko asmoz, gaur hasiko da programaren edizio berria. Guztira 356 plaza izango dira, bi hamabostalditan banatuta, 222 lehenengoan eta 134 bigarrenean.

Egungo osasun-egoerak jarduera baldintzatu du eta erakundeek ezarritako neurrietara egokitu da. Horretarako, 25 begirale baino gehiago izango dira eta 10 pertsonako burbuila taldeak beteko dira. Saioak astelehenetik ostiralera izango dira, 10:00etatik 13:30etara, eta hainbat gunetan egingo dira, Mendiko ikastetxean, Bañueta kiroldegian, parkean eta pilotalekuan, umeak pilatzea saihesteko.