Amurriok aintzatespena jaso du, klima-ekintzaren aurrean duen konpromisoarengatik

Atzo, Eusko Jaurlaritzak aintzatespena eman zion Amurriori, Alkateen Klima eta Energiarako Itunari atxikita dauden Euskadiko beste 20 udalerriri bezala, energia- eta klima-trantsiziorako toki-eremutik egiten ari den lan handiarengatik. Udalerrien deskarbonizazioa bizkortzea, klima-aldaketaren eraginetara egokitzeko gaitasuna indartzea eta herritarrek energia segurua, jasangarria eta eskuragarria jasotzeko aukera izatea dira udalerri horiek 2050erako lortu nahi dituzten helburuetako batzuk.

Amurriok energia-trantszioarekin eta klima-aldaketarekin duen inplikazioagatik lortu du aintzatespen hori. Energia-eraginkortasuneko proiektuak jarri dira martxan –argiteria publiko guztia led bihurtzeko– eta energia berriztagarriak bultzatu dira, eraikin publikoetan instalazio fotovoltaikoak jarriz eta industria-sektoreak duen potentzial fotovoltaikoa aztertuz. Landa-lurzoruan klima-aldaketara egokitzeko proiektuak ere gauzatu dira, eta, gaur egun, mendi publikoa antolatzeko plana egiten ari da, klima-aldaketara egokitzeko eta hori arintzeko irizpideekin. Epe laburrean, Amurrioko Udalak 2030 Tokiko Agenda Plana definituko du, datozen urteetarako ibilbidea markatuko duen Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plan berria integratuz.

 

Alkateen Klima eta Energia Itunari buruz

Alkateen Klima eta Energia Ituna (Covenant of Mayors for Climate and Energy) nazioarteko ekimen bat da, eta mundu osoko herriak eta hiriak modu zabalean lotzen ditu klimaren eta energiaren tokiko ekintzaren inguruan. Ekimen horretan 61 herrialdetako 10.000 tokiko eta eskualdeko gobernu baino gehiago biltzen dira, eta, beren borondatez, klimaren eta energiaren nazioarteko helburuak ezartzeko konpromisoa hartzen dute.

2009az geroztik Energiaren Euskal Erakundea eta, 2019az geroztik, Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, dira Euskadiko Alkateen Itunaren erakunde koordinatzaileak, euskal udalerriei tokiko esparruan klima- eta energia-trantsizioa lortzea ahalbidetuko duten tresnak eta ekimenak ezartzen laguntzeko helburuarekin.

Udalerriei aitortza egin ondoren, jardunaldi tekniko bat egin zen, Alkateen Itunaren Europako bulegoak babestua. Jardunaldi horretan, Miguel Morcillok, Europako bulegoaren ordezkariak, aitortu du “Euskal Autonomia Erkidegoak egindako lan garrantzitsua, bertan klima-aldaketari modu integralean heltzen baitiote, bai arintzeari bai horrek eragindako eraginetara egokitzeari dagokionez. Euskadin ezarritako klima-gobernantzarako eredua -Udalsarea 2030en bidezko sare-lana nabarmenduz-, garatutako tresnak eta euskal udalerriei energia- eta klima-trantsizioan laguntzeko laguntza-ildoak inspirazio izan daitezke zentzu horretan urrats sendoak egiten ari diren beste lurralde batzuentzat”.