Amurriok 2021erako Ingurumen Programa onartu du

Amurrioko Udalak, Ingurumena Kudeatzeko Europar Batasuneko EMAS Sistema du ezarrita, eta ingurumen arloko alderdi esanguratsuei eta hautemandako arrisku eta aukerei aurre egiteko beharrezko ekintzak ezartzen dituen 2021erako Ingurumen Programa bat onartu du.

Udalerriaren testuingurua aztertu ondoren, onartutako Ingurumen Programak 21 ekintza jasotzen ditu, guztiak ere Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datozenak. Ingurumen arloko alderdi esanguratsuetatik datozen 9 helburuak nabarmentzen dira, eta horiek 10 ekintzatan islatuko dira. Bestalde, programa, antzemandako arrisku eta aukeretatik ateratako beste 11 ekintzarekin osatzen da.

Amurrioko Udalak, 2021eko Ingurumen Programaren barruan, antzemandako 9 helburu hauek betetzean datzaten ingurumen arloko alderdi esanguratsuei heltzea proposatu du:

  • Udal horniduraren bajako sareko galerak murriztea.
  • Saneamenduko udal-sare bereizleak egiteko bidean aurrera egitea.
  • Etxebizitza-sektorean energia berriztagarrien sorkuntza handitzea.
  • urtearekin alderatuta legeztatutako jarduera kopurua handitzea.
  • Ekitaldiak eta bilerak antolatzeko orduan ingurumen arloko irizpideak sartzea.
  • Udaletxeko paper kontsumoa murriztea.
  • Udaletxeko energia kontsumoa murriztea.
  • Udalerria klima-aldaketa dela eta aurreikusitako aldaketetarako prestatzea, klima-aldaketara egokitzeko estrategiaren bitartez.
  • Bisita gidatu kopurua handitzea; horretarako, Goikomendi-Kuxkumendi parkeko ikaztegiaren estalkia konponduko da.

Era berean, hautemandako aukerei eta arriskuei aurre egiteko beste ekintza batzuk planifikatu ditu Udalak. Ekintza horien artean daude, besteak beste, Armuru errekaren proiektu integrala gauzatzea, argiteria publikoa berritzeko proiektu integrala amaitzeko plangintza egitea, udalerriko hainbat sektoreri energia-eraginkortasunari buruzko aholkularitza ematea, ekonomia zirkularra bultzatzea, Mendi Publikoaren Antolamendu Plan berriaren garapenean klima-aldaketara egokitzea, 109 hektarea basoberritzeko proiektua idaztea eta 7,9 hektarea basoberritzeko proiektua gauzatzea, Akuiferoen urrakortasun eremuan gaitasun hidriko handiko espezieak landatzea eta espezie inbaditzaileen inbentarioa egitea, horien jarraipena egiteko.

Udalaren Ingurumen Politika onartzea

Martxoaren 25ean egin zen Amurrioko Udalaren osoko bilkuran, Udalbatzak aho batez onartu zuen udaleko Ingurumen Politika, 2000. urteko akordioa berrituz. Datozen urteetarako onartutako dokumentuak ingurumena eta udal baliabideak eraginkortasunez zaintzeko eta kudeatzeko konpromisoa hartzen du, herritarren bizi-baldintzen eta -kalitatearen hobekuntza kontuan hartuta.