Amurrio Udal Ekipamenduen Plan Zuzentzailea egiten hasi da

Amurrioko Udala, Udal Ekipamenduen Plan Zuzentzailea egiteko lehen pausoak ematen hasi da, horien egungo egoera ezagutzeko eta beharrak antzeman ahal izateko, udalerrian dauden eraikinak hobetzeko helburuarekin.

“Plan horren bidez, herritarrei kalitatezko ekipamenduak eskaini nahi zaizkie, eta erabilera, erosotasun eta eraginkortasun hobea izan dezaten beharrezkoak diren esku-hartzeak bildu nahi dira. Horretarako, plan hau partaidetzan oinarrituta egingo da, egungo eta etorkizuneko behar eta erronka sozialak kontuan hartu ahal izateko”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Amurriok, besteak beste, umeentzako udal-ekipamendu, kirol-ekipamendu eta ekipamendu kultural, eta adinekoei zuzendutako ekipamendu sare zabala du. Ekipamendu horiek “elkarrekintzarako espazioak dira, leku inklusiboak izan behar dira, eta bertan, erabiltzaileen erosotasuna eta ongizatea ez ezik, beste irizpide batzuk ere hartu behar ditugu kontuan, hala nola irisgarritasuna, erosotasuna, autonomia eta segurtasuna edo erabileren balioaniztasuna”, Molinuevok esan duenez.

Plana egiteko prozesuak bi fase nagusi izango ditu: ekipamenduen diagnostikoa eta horietan esku hartzeko proposamen bat egitea.

Ekipamenduen azterketa teknikoa

Alde batetik, udalerriko eraikin publikoen, haien ezaugarrien, erabileren, gabezien, funtzionamenduaren eta abarren azterketa xehatua egingo da, herritarren beharrak lehendik dauden eraikin publikoetara eta horiek etorkizunean izango dituzten hobekuntzetara egokitzeko. Horretarako, hau egingo da:

  • Udalerriko eraikin publikoen azterketa, horien erabilerak, ezaugarriak, erabileraren egokitasuna eta gabeziak kontuan hartuta, besteak beste.
  • Hasierako diagnostikoa, eta azterketa xehatua behar duten eraikinen zerrenda egitea.
  • Eraikin publikoak optimizatzeko proposamen bat gauzatzea, eraikinen ezaugarriak eta erabilerak egokituta, eraberritzeko edo/eta handitzeko aukerei arreta berezia jarrita. Proposamenean herritarren partaidetza prozesuko ekarpenak sartuko dira.

Herritarren partaidetza

Prozesu tekniko hori osatzeko, herritarrek parte hartzeko prozesu bat egingo da, eta prozesu horrek prestaketa-fasea, diagnostiko-fasea eta proposamenak egiteko fasea barne hartuko ditu. Diagnostikoa egin aurreko prestaketa-fasean, lan-saioak egin dira udaleko teknikariekin eta politikariekin, eta talde-elkarrizketak egingo dira hainbat eragilerekin, genero-ikuspegia eta aniztasuna planean eta planaren garapen-prozesuan txertatzeko.

Datozen egunetan diagnostiko-faseari ekingo diogu Amurrioko bizilagunekin. 14 galderaz osatutako galdetegi bat jasoko dute euren etxeetan, udal-ekipamenduen egoerari buruz duten iritzia jakiteko eta beharrak hautemateko. Udaletxean, Kultur Etxean, Udal Liburutegian eta Bañueta kiroldegian dauden postontzietan utzi ahal izango dituzte uztailaren 6ra arte.

Era berean, online galdetegia bete ahal izango da Udalaren www.amurrio.eus orrian dagoen estekan. Gainera, ekainaren 25ean eta uztailaren 2an, bi stand jarriko dira ostiraletako merkatutik gertu, galdetegia betetzen laguntzeko eta beharrezkoak diren zalantzak argitzeko. Bestalde, herrilaguntzaileak hainbat udal eraikinetara hurbilduko dira galdetegia betetzen laguntzeko.

Diagnostikoaren partaidetza-fasea osatzeko, aurrez aurreko 3 saio sektorial egingo dira (kultura, kirola eta gizartea/asistentzia).

Diagnostiko teknikoan integratutako partaidetza-diagnostiko horretan oinarrituta, eragileen beharrak eta udal-baliabideen optimizazio- eta eraginkortasun-irizpideak bateratzeko proposamenak egiten joango gara.

Azkenik, ekipamenduak hobetzeko proposamenak jasoko dituen plana prestatzeari ekingo zaio, eta berriz ere eragile, teknikari, politikari eta herritarrak kontuan izango dira, plana lantaldeen eta sektore-saioen bidez eraikitzeko.

Galdetegia online betetezeko

Galdetegia