Albisteak

Amurrioko Udalak ostiraletako baserritarren merkatua bultzatuko du

Amurrioko Udalak, Amurrio Bideanekin batera, tokiko eta hurbileko produktuari laguntzen jarraituko du martxoan Juan Urrutia plazan jarriko den ekoizleen merkatuan egingo den kanpainarekin. Baserritarren produktuak bultzatzeaz gain, Udalak mahai-zapiak eman dizkie beren postuetarako, eta baita paperezko poltsa-sorta bat ere.

Tokiko produktuari babesa eta sustapena ematera zuzendutako kanpainan, produktu-saski bat zozkatuko da astero merkatuan erosketak egiten dituzten pertsonen artean. Erosketa bakoitzeko, erabiltzaileek txartel bat jasoko dute beren datuekin bete eta hautetsontzi batean sartzeko, eta, ondoren, merkatua amaitzean zozketa egingo da, 14:00ak aldera. Kanpaina martxoan gauzatuko da, 5, 12 eta 26an, ostiraletan eta 18an, ostegunean.

Ekintza horrekin batera, merkatura joan ohi diren ekoizle guztiak biltzen dituen informazio-kartel bat ere egin da, haietako bakoitza ezagutzera emateko.

Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarau zabala antolatu du Amurriok

Amurrioko Udaleko Berdintasun Saila buru-belarri aritu da martxoaren 8aren inguruko programazioa antolatzen. Jarduera guztiak Covid-19aren pandemiaren ondorioz erakundeek ezarritako murrizketetara egokituta daude.

“Beste urte batez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorraren sentsibilizazioarekin eta bilaketarekin konprometitutako programazioan murgilduko da Amurrio. Gaur egun bizi dugun osasun egoera oso berezia den arren, askotariko programazioa landu da ingurune seguruetan egingo diren jarduerekin”, azaldu du Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak. 

Programatutako jarduerak:

Martxoak 3: Berdintasunaren aldeko standa. 11:00etan. Maskara moreak banatuko dira. Ekintza hori Sartu Alavaren eskutik etorriko da, Arabako Foru Aldundiak eta Europako Gizarte Funtsak diruz lagundutako Oinez programaren barruan.

Martxoak 6: “Orain emakumeek jotzen dute” kontzertua, 19:00etan, Amurrio Antzokian. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena jaso beharko da Kultur Etxean.

Martxoak 8: Elkarretaratzea 18:30ean Juan Urrutia plazan.

 “Emakumeak Musikan” kontzertu birtuala, Youtubeko “Amurrioko Udal Musika Eskola” kanalean.

Martxoak 10: Zineforuma “La fuente de las mujeres” Nagusi Etxean 18:00etan. Pertsona Nagusien Kontseilua antolatuta.

Martxoak 14 eta 15: “Entre nosotras” filmaren proiekzioa Amurrio Antzokian. Prezioa: 14 (5 €), 15 (3,75 €).

Martxoak 18: “Muga zeharkatzen duten bizitzak. Hegoaldeko Mugari buruzko azterketa feminista” hitzaldia, 18:30ean, Katekesiko aretoan. Hizlaria Beatriz de Lucas Cear-Euskadiko gorabeheren teknikaria izango da.

Gainera, Laia Eskolak hainbat jarduera antolatuko ditu #LaiaBirtuala-n. Esteka honetan jarraitu ahal izango dira:

 http://www.laiaplazara.eus/aurkezpena/laiaeskola-virtual

Amurrioko Udalak udal-karpa instalatu du Zaraobe institutuan

Amurrioko Udalak, gaur egun erabiltzen ez duen udal-karpa bat instalatu du Zaraobe Institutuan, ikasleei espazio estali handiagoa emateko eskola-ordutegi barruko atsedenaldietarako edo jolasaldietarako. Horrela, Udalak institutuko zuzendaritzak egindako eskaerari erantzun dio, izan ere, horrelako gune bat eskatu zuen, Covid-19aren pandemiaren ondorioz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezarritako protokoloak bete ahal izateko.

 

Amurrioko Bañueta kiroldegiak martxoaren 15ean ekingo die berriro kirol jarduerei

Bañueta kiroldegia martxoaren 15etik aurrera hasiko da taldeko kirol jardueren eskaintzarekin, COVID-19aren ondorioz indarrean dagoen araudia betez. Izen-ematea asteazken honetan hasiko da, martxoaren 3an, eta martxoaren 10era arte iraungo du.

Bañuetak, kirol eskaintza 12 jarduerarekin zabalduz hasi du martxoa: Aquagym, Haur Igeriketa, Zumba, HIIT, Tonifikazioa, Mantentze gimnasia, Bizkarrekoa eta Progresiboa, Hipopresiboak, Pilates, Yoga, Spinning eta Nordic Walk. Eskainitako jarduera bakoitzak 3 hilabete iraungo ditu.

Martxoa erdialdean hasiko dira jarduerak, eta gutxieneko parte hartzaile kopuru bat beharko dute, gauzatu ahal izateko. Aldez aurretik izena eman beharko da, martxoaren 3tik 10era bitartean, kiroldegian bertan, astelehenetik larunbatera 9:00etatik 13:30era, astelehenetik ostiralera 16:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 16:00etatik 19:30era.

Igerilekua, muskulazio eta jarduketa kardiobaskularreko gelak

Bestalde, Bañueta kiroldegiak martxan jarraitzen du urtarriletik igerilekuarekin eta muskulazio eta jarduketa kardiobaskularreko gelekin. Espazio horietara guztietara joan ahal izateko aldez aurretik erreserba egin beharko da.

Igerilekuen erreserba 60 minutukoa izango da gehienez, eta muskulazio eta jarduketa kardiobaskularreko kasuan, 90 minutukoa gehienez hitzordu bakoitzeko. 45 minutu erreserbatu ahal izango dira eremu bakoitzean, edo 90 minutu gune bakar batean. Egun berean, igerilekura eta muskulazio gelara edo igerilekura eta jarduketa kardiobaskularreko gelara joateko erreserba ere egin ahal izango da.

Osasun-murrizketak direla eta, kirol-instalazioaren edukierak ere aldatu egin dira. Igerileku handia 6 kaletan banatuko da, eta kale bakoitza 2 pertsonak erabili ahal izango dute; igerileku txikiaren kasuan, bi gunetan banatuko da, eta gune bakoitza 2 familia unitatek edo 2 erabiltzailek erabili ahal izango dute. Bestalde, muskulazio gelak gehienez ere 12 pertsonako edukiera izango du txanda bakoitzeko, eta igerilekuko harmailetan egongo den jarduketa kardiobaskularreko gelak ere, gehienez 12 pertsonako edukiera izango du txanda bakoitzeko.

Aurretiko hitzordua

Kiroldegira joateko hitzordua aurrez aurre zein telefonoz har daiteke, 945 393 642 telefono-zenbakira deituta. Erreserbak aste bakoitzaren aurreko ostiraletik aurrera jasoko dira eta gehienez astean 2-3 egunetarako egin ahal izango dira, eskariaren arabera. Txanda bakoitzean, 65 urtetik gorako pertsonentzat, haurdunentzat eta mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatutako plazak egongo dira.

 

 

 

Amurrioko Udaleko osoko bilkurak 2021erako terrazen tasa aldi baterako etetea onartu du

Amurrioko Udalak aho batez onartu zuen atzo egindako osoko bilkuran udalerriko ostalaritzako lokalei terrazak kobratzea arautzen duen ordenantza fiskala aldi baterako etetea. Neurria 2021. urte osoan egongo da indarrean, gutxienez.

Txerra Molinuevo Amurrioko Udaleko alkateak azaldu duenez, “neurri honekin, Covid-19aren ondoriozko neurri murriztaileak direla eta sektoreak bizi duen egoera zailean lagundu nahi du Udalak”.

2021ean Ordenantza Fiskalaren aplikazioa eten egingo zaie, mahaitxoak, mahaiak, aulkiak eta antzeko beste elementu batzuk instalatzeko lizentzia duten eta COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondoriozko zenbait neurri bete behar izan dituztelako, baimendutako gehieneko edukiera murriztu beharra eta ixteko eta irekitzeko ordutegia egokitu beharra, besteak beste, jarduera murriztuta ikusi duten Amurrioko establezimenduei.

 

Amurrioko Udalak ludoteka egokitzeko proiektua onartu du

Amurrioko Udalak Dionisio Aldama kaleko 1. zenbakian dagoen udal lokala ludoteka gisa egokitzeko proiektua onartu du. Lokala egokitzeko proiektua onartu ondoren, obren lizitazioa egingo da.

Ludoteka baten proiekzioa izan zen Amurrioko herritarrek 2019ko AmurriokoEKIN aurrekontu parte-hartzaileen programaren barruan hautatutako ekintzetako bat. Proiektu hori gauzatzeko, Dionisio Aldama kaleko 1. zenbakian dagoen eta 171,15m2-ko azalera duen udal-lokalaren barrualdea zaharberrituko da.

Udalak onartutako proiektuak jasotzen duenez, ludoteka berriak, 3 gela edo jolasgune jasoko dituen gune diafanoa izango du, eta, gainera, komunak eta aldagelak egongo diren gune zentral bat. Lokala egokitzeko lanak gauzatzeko, 5 hilabeteko epea izango dutela aurreikusten diren obrak lizitatu beharko dira.

Amurriok Emakumeen Etxea eta Haur Kontseilua diseinatzeko lehen pausoak eman ditu

Amurrioko Udala bi proiektu zehazten hasi da, Amurrioko Emakumeen Etxea eta Haur Kontseilua diseinatzeko laguntza teknikoa esleituz.

Etorkizuneko Amurrioko Emakumeen Etxea sortzeko lehen pausoa diagnostiko-prozesua izango da, eta Sortzen Consultoría S.L.-ren eskutik egingo da. Lehen pauso horretan, Emakumeen Etxeen eredu posibleak ezagutu nahi dira, Amurriori ondoen egokitzen zaizkion alderdiak zentratu ahal izateko.

Amaitutakoan, Emakumeen Etxearen diagnostikoak udalerriko emakumeekin partaidetza-prozesu batean kontrastatu ahal izango den Kudeaketa Plana izango du.

“Tipi Gara S. Coop Pequeña”-ren bidez martxan jarritako beste ekimen bat Amurrioko Haur Kontseilua sortzea bultzatzea izango da. Horretarako, Amurrioko Haur Kontseiluaren oinarriak diseinatu eta finkatuko dira, kontseiluaren eredua zehazteko, haren helburuak eta funtzionamendua kontuan hartuta.

 

Amurriok bat egin du Dagazekin, dantza garaikidearen zaleen sarearekin

Dagaz Sarea martxoaren 11tik aurrera helduko da Amurriora, Amurrioko Udalaren harrerarekin, eta Proyecto Larrua konpainiaren eskutik ekingo dio bere abenturari. Dantza garaikidearen zaleak zorioneko daude; izan ere, aukera izango dute sarean modu aktiboan parte hartzeko, saioetara joanez eta baita ikusle gisa ere.

“Zuzeneko dantza eta arte eszenikoak definitzen dituen jarduteko modu artisanal bat markatzen du DAGAZ programak. Helburua dantza garaikidearen jardunbidea sustatzea da, Euskadin dantza garaikideko talde amateurren sare bat sortuz”, adierazi dute Dagaz Saretik. Zirkuitu horretan hiru modutan parte hartu ahal izango da, modu aktiboan, asteroko edo noizbehinkako saioekin, edo ikusle gisa.

Dantzatzeko, sortzeko eta partekatzeko saioak ostegunetan izango dira, 18:00etatik 20:00etara, martxotik maiatzera, Proyecto Larruaren eta Euskal Herriko koreografoen eskutik. Noizbehinkako saioak ere egongo dira, Dagaz sareko koreografoekin dantzaz eta mugimenduaz gozatzeko. Gainera, dantza garaikideaz ‘ikusle berezi’ gisa gozatzeko aukera ere badago, Amurrion edo Dagaz Sareko beste udalerri batzuetan egiten diren emanaldietara joan ahal izateko.

Izena emateko bidali mezu elektronikoa dagaz@dantza.eus helbidera. Asteroko dantza-saioek 15 lagunentzako lekua izango dute; hautatuen zerrenda izen-ematearen arabera egingo da.

Amurrio izango da Euskadiko hainbat herritan hedatzen ari den Dagaz Sarean parte hartuko duen Arabako lehen herria. Herri horien artean daude Durango, Berriz eta Trapaga Bizkaian, eta Zumaia, Lezo eta Hernani Gipuzkoan.

Koadernaketa ikastarorako izen-ematea zabalik Amurrioko kultur etxean

Amurrioko Udala Arte Eskolaren eskaintza dibertsifikatzen ari da, koadernaketa ikastaro batekin. Pertsonen profil berrien parte-hartzea sustatu nahi duen diziplina da. Tailerrak 12 saio izango ditu eta martxoan hasiko da. Izen-ematea Kultur Etxean egin daiteke.

Koadernaketa ikastaroa kartoia lantzean oinarritzen da, papera eta kartoia bezalako material birziklagarriekin egindako diseinuak pausoz pauso sortzeko helburuarekin. Montserrat González Barredo Arte Ederretako profesionala eta Amurrioko Arte Eskolako pintura irakaslea arduratuko da tailerra emateaz.

Ikastaroa martxoaren 5ean hasiko da eta 12 saio izango ditu, guztiak ostiraletan 10:00etatik 13:00etara, ekainaren 4ra arte. Ikastaroan gehienez 15 ikasle egon daitezke, beraz, izena eman beharko da Kultur Etxean.

 

 

 

Zabalik dago 2021erako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskatzeko epea

Amurrioko Udaleko Gizarte Ekintza Sailak zabaldu du 2021eko ekitaldirako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) eskatzeko eta izapidetzeko epea. Eskaerak urte osoan zehar egin ahal izango dira, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuarekin hitzordua eskatuta.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, gero eta maizago gertatzen diren egoera ekonomiko txarrek eragindako beharrizan pertsonalak eta familiarrak prebenitzeko eta horiei erantzuteko funtsezko baliabideak dira. Hainbat kontzeptutarako eska daitezke Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, hauetarako, besteak beste:

  • Etxebizitza alokatzeko gastuetarako, modalitate guztietan.
  • Gizarte larrialdiko egoera baino lehen hartutako kredituen interes- eta amortizazio-gastuetarako.
  • Etxebizitzaren mantentze-gastuetarako, hala nola ur-, zabor- eta estolderia-gastuak, hiri- eta landa-ondasun higiezinen gaineko zerga eta energia-gastuetarako.
  • Altzarien eta “linea zuria” izenez ezagutzen diren etxetresna elektrikoen gastuetarako.
  • Etxebizitzako egokitzapen-, konponketa- edo/eta oinarrizko instalazio-gastuetarako.
  • Bizikidetza-unitateko pertsona baten edo gehiagoren oinarrizko premiei lotutako gastuetarako, jantzietarako edo sistema publikoek estaltzen ez dituzten hezkuntzarako eta prestakuntzarako eta osasun-arretarako.

 

Laguntza horiek emateko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak larrialdi egoera baloratu beharko du, eta baita atal horretara bideratutako partidaren aurrekontu-esleipena ere.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak lehen aldiz eskatu edo laguntza horiek berritu nahi dituztenek, hitzordua eskatu beharko dute Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan, Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan, 945 89 11 61 zenbakira deituta, haz-sac@amurrio.eus helbide elektronikora idatzita edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzura bertara joanda.