Garbiketa eta desinfekzioa

Amurrioko Udalak, Bide Garbiketako Zerbitzuaren enpresa esleipendunarekin koordinatuta, zerbitzu hori berrantolatu du, kaleak garbitzeko eta ekortzeko berezko lanekin batera, COVID-19 koronabirusak eragindako alarma-egoerak irauten duen bitartean bide publikoaren desinfekzioa indartzeko lanak egiteko.

Ildo beretik, Bide Garbiketa Zerbitzua ematen duen enpresa berak egiten duen hondakinak biltzeko uharteen garbiketa ere indartu egin da.

Era berean, Udalak berriz esleitu dizkie funtzioak Obren eta Lorategien Udal Brigadetan lan egiten duten langileei, bide publikoan desinfekzio-lanak egin ditzaten. Horretarako, bi lan talde antolatu ditu, goizeko eta arratsaldeko ordutegietan. Horrela, osasun-krisiak eragindako premia espezifiko eta urgenteen aurrean, Udal Brigadak lanean jarraituko du hemen zehaztutako helburuekin. Larrialdi kasuetan baino ez ditu egingo xede hori ez duten zereginak.

Amurrioko Udala bide publikoan egiten ari den desinfekzio-jarduerak koordinatzen ari da.

Hori horrela, goizetan, Bide Garbiketako Zerbitzuak desinfekzio-lanak egiten ditu une horretan jende gehien dagoen guneetan, hau da, osasun-zentroetan, egoitzetan, farmazietan, trenbide-geltokietan eta markesinetan, estankoetan, supermerkatuetan eta elikadura-dendetan. Era berean, goizetan ere, brigadek desinfekzio lanak egiten dituzte udalerriko auzoetan eta administrazio batzarretan; arratsaldetan, berriz, brigadak indartu egiten du Bide Garbiketa Zerbitzuak goizean egin duen jarduna, berau aritutako tokietan.

Horrez gain, suhiltzaileen jarduketek ere indartu egiten dituzte desinfekzio-lanak; izan ere, adinekoen egoitzak, osasun-zentroak eta supermerkatuak desinfektatzen dituzte, beti ere, Udalarekin koordinatuta, eta beste jarduera batzuetarako ere laguntza ematen dute.