Udazken honetan ospatuko da Liburu Azoka Amurrion, azaroaren 12tik 15era, Elexondo pasealekuan, Juan Urrutia plazaren parean

Aurreko edizioetan, gure herrian gehien eskatu ziren gaiak mikologia, gastronomia, botanika eta historia izan ziren.

Amurriok urtero  udaberrian ospatu ohi du Liburu Azoka; baina, urte berezi honetan, udazkenera atzeratu behar izan dugu. Pandemiak eragindako egoerak ahalbidetzen badu, hasiera batean, ospakizuna azaroaren 12tik 15era bitartean egingo dugu. Elexondo pasealekuan kokatuko da, Juan Urrutia plazaren parean, eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era irekita egongo diren 14 postuk osatuko dute azoka. Bertan, euskara eta gaztelaniazko argitaletxeen zein diskoetxe euskaldunen azken berritasunak izango ditugu % 10eko beherapenarekin, eta salgai‑hondarren atal bat ere egongo da. Azoka hau Euskadiko Liburuaren Ganbarak antolatzen du bertako Udalaren laguntzarekin, eta horren helburua da irakurketa sustatzea; izan ere, jarduera intelektual honek adin guztietako jendeari ateak irekitzen dizkio abentura, intriga, fantasia, historia, amodioa eta amaigabeko munduetara, eta, aldi berean, irakurlea beste garai eta leku batzuetara eramaten du.

Euskadiko Liburuaren Ganbararako azoken urteko kanpainaren koordinatzaile Asier Muniategik adierazi du gehien irakurtzen diren berritasunak Toti Martínez de Lezea, Jon Arretxe, Candela Jaio, Elvira Lindo, Isabel Allende eta Ken Follett autoreenak direla. Muniategik adierazi du, aurreko edizioetako esperientziaren arabera, “Amurrion gehien eskatzen diren gaiak mikologia, gastronomia, botanika eta historia direla, eta bidaia‑liburu eta haur eta gazteentzako liburuak irakurtzen dituen jende asko ere badagoela”. Aurten, gainera, 1920ko hamarkadako euskal literaturaren erakusketa bat egongo da.

Idazleek liburuak sinatzea

Asteburuan, Muniategik aurreratu duenez, espero da idazleak etortzea liburuak sinatzera. “Oraindik ezin ditugu ordua eta eguna zehaztu, baina etortzekoak dira Inma Roiz eta Miren Palacios idazle arabarrak eta José Javier Abaloso eta José Luis Urrutia idazleak ere. Horiek azokara etorri eta liburuak sinatuko dizkiete hala eskatzen duten herritarrei”. Halaber, herritarrei arduratsuak izateko eskatu die, segurtasun‑distantzia mantentzeko eta desinfektatzeko gela erabiltzeko. “Orain arte berrantolatutako azoka guztietan jokabidea errespetuzkoa eta adeitsua izan da, eta horrela jarraitzeko asmoa dugu”, amaitu du Muniategik.