Udalerriko emakumeen memoria modu kolektiboan berreskuratzeko tailerra antolatu du Amurriok

Amurrioko Udaleko Berdintasun sailetik, irailean zehar gauzatuko diren bi jarduera programatu dira, “Artearen historiari hackeoa” izeneko hitzaldia eta Amurrioko emakumeen memoria modu kolektiboan berreskuratzeko tailerra.

Kultur Etxeak Silvia Ayerraren “Artearen historiari hackeoa” hitzaldia jasoko du irailaren 17an. Solasaldiak ibilbide historiografikoa egingo du, pintura klasikotik hasi eta jardunbide garaikideetara, eta genioaren mitoa, estereotipoaren eraikuntza edo bortxaren kultura aztertuko dira. Hitzordua 18:00etan izango da, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izen-ematea.

Programatutako bigarren jarduera Irudiari buruzko laborategi-tailerra da, Amurrioko emakumeen memoria modu kolektiboan berreskuratzeko topaketa egiteko. Tailerra, argazkilaritza artistikoan eta arte plastikoetan goi mailako teknikari den Silvia Ayerraren eskutik egingo da. Laborategiaren helburua, parte-hartzaileekin batera Amurrioko emakumeen memoria lantzea da, eta haien bizitzak eta istorioak partekatzea, prozesua argazki-ekintza batean islatuz.

Tailerra bost jardunalditan egingo da Kultur Etxean, irailaren 21ean, 23an, 28an eta 30ean 18:00etatik 20:00etara eta urriaren 2an 17:30etik 20:00etara. Parte hartzeko beharrezkoa izango da irailaren 14tik aurrera izena ematea berdintasuna@amurrio.org helbidera idatzita.