Udal psikologo taldeak arreta emango die Amurrioko biztanleen deiei

GAPPA Udal Psikologo Taldeak aurrera jarraitzen du, covid-19 koronabirusak eragindako alarma egoera hasi zenetik, 70 urtetik gorako Amurrioko biztanleei egunero deitzen, eta baita bizitzen ari garen ez ohiko egoera aurrera eramaten laguntzeko herritarren artean zabaltzeko baliabideak sortzen ere.

Horrez gain, hiru psikologok osatutako udal profesional taldeak laguntza psikologikoa behar duten Amurrioko biztanle guztiei zabaltzen die bere zerbitzua. Psikologo taldearekin harremanetan jartzea oso positiboa izan daiteke “konfinamenduaren ondoriozko arazo emozionalak jasaten ari diren pertsonentzat, antsietatea, depresioa edo harremanekin erlazionatutako arazoak, besteak beste, eta baita arazo psikosomatikoak dituztenentzat ere, insomnioa, digestio arazoak edo buruko minak, adibidez”, adierazi dute profesionalek. Psikologo taldearekin harremanetan jarri nahi dutenek 617074170 telefono zenbakira deitu dezakete.

Beste alde batetik, orientazioa ere emango dute eta, beharrezkoa bada, martxan dauden udal baliabideetara bideratu, Unai Arrietak koordinatzen duen eta adinekoek euren etxeetan ariketa fisikoa egitea erraztea bilatzen duen adinekoentzako bizitza aktiborako eta ohitura osasungarrietarako programara, besteak beste.

Alarma egoera hasi zenetik Udal Psikologo Taldea etengabe dago harremanetan bakarrik bizi diren udalerriko 70 urtetik gorako pertsonekin. Jasaten ari garen egoera honetan adinekoen zainketa eta eman beharreko laguntza inoiz baino beharrezkoagoa da eta, horregatik, deiak egiten jarraitzen da, dei horiek, adinekoak ondo daudela egiaztatzeaz gain, hitz egiteko eta laguntza emateko ere balio dutelako, kasu askotan bakardadea faktore garrantzitsua baita kolektibo horretan. Guztira, psikologo taldeak 600 telefono dei baino gehiago egin ditu, eta egoera berezi hau gainditu arte horrela jarraituko dute.

Amaitzeko, egoera horri aurre egiteko moduari buruzko edukia sortzea da psikologoak egiten ari diren beste lan garrantzitsuetako bat. Umeei zuzenduta, koronabirusari aurre egiteko moduari eta zer den azaltzeari buruzko aholkuak jasotzen dituzten materialak prestatu dira, eta baita konfinamenduak irauten duen bitartean ongizate emozionala zaintzeko estrategiak ere. Material hori guztia Amurrioko Udalaren webgunean eta sare sozialetan dago.