Txerra Molinuevok Josune Irabienen lekua hartuko du Amurrioko Udalaren kudeaketan

Amurrioko Udalak ezohiko osoko bilkura egin du gaur arratsaldean, eta Txerra Molinuevo izendatu du alkate, EAJ-PNVren aldeko zortzi botorekin eta PSEren boto batekin. EH Bilduk, bere aldetik, Iñaki Ibarluzea aurkeztu du, eta aldeko 7 boto lortu ditu eta Orain Amurriok bere hautagaiari, Kepa Gonzalezi eman dio botoa.

Izendapen horren arrazoia, legegintzaldi honetarako 2019ko udal hauteskundeetan hautatutako alkateak, Josune Irabienek, karguari uko egin diola da, Eusko Jaurlaritzako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendari izendatu baitute.

Osoko bilkurak agur esan dio ia 10 urtez Amurrioko alkate izan denari. Hunkituta, Irabienek hau aitortuz eman dio amaiera bere udal ibilbideari, “nire herriko alkate izatea harro egoteko modukoa izan da. Nire ibilbide profesionala edozein dela ere, beti izango dut Amurrio zerumugan”.

Molinuevok bere aurrekoaren eskutik jaso du ‘makila’, “gure hauteskunde-programan ezarritako ekintzak betetzeko konpromiso sendoarekin, bizi dugun osasun eta ekonomia arloko egoera korapilatsuak erabaki bakoitza markatuko duen arren. Erronka handia dugu aurrean, eta Amurrioko herritarrak gure politiken erdigunean egongo dira. Lanean jarraituko dugu gure herriak udalerri inklusibo, berdintasunezko, solidario eta euskaldunerantz aurrera egin dezan”.