Raisa Álavak zeramika tailerra emango du Amurrioko Kultur Etxean

Raisa Álava artista arabarrak zeramika garaikide tailerra emango du azaroan eta abenduan Amurrioko Kultur Etxean, jende guztiari zuzenduta. Horrela, Álavak, herritarrekin parte hartzeko lan prozesuaren lehen fasea jarriko du martxan, Eskualdea programaren barruan. 2020ko maiatzean amaituko da, La Casonan egingo den erakusketarekin.

Azaroan zehar, Arabako Foru Aldundiak eta Artium museoak bultzatutako Eskualdea 2019 programaren barruan, Raisa Álavak (Zuaza, 1990) datozen hilabeteetan aurrera eramango duen lan prozesuaren lehenengo fasea ari da abian jartzen, artea eta pentsamendu garaikidea Arabako lurraldera hurbiltzeko helburuarekin. Artista arabarraren proposamena programa horren ekoizpen deialdiaren barruan hautatu zuten, Oihane Amurrioren eta Mario Paniegoren proiektuekin batera.

Zeramika tailerra

Álavaren proposamenaren ezaugarria, zeramikaren lengoaia garaikidetasunera hurbiltzen dela proposamen artistikoa herritarrekin parte hartzeko lan prozesuaren erantzun gisa planteatzen dela da. Erakusketa 2020ko maiatzean egongo da ikusgai La Casona udal erakusketa aretoan.

Lan hori herritarrekin batera egiteko, Álavak zeramika garaikideko tailerra emango du azaroaren 22an eta 29an eta abenduaren 13an eta 20an, 17:30etik 20:30era, Kultur Etxean. Lau saio horietan, artistak sorkuntzarako pizgarria izango den testuingurua sortzea proposatzen du. Testuinguru horretan, zeramika eta eskultura garaikidearen sarrera teorikoa eta zati praktikoa konbinatuko dira, eta bertaratzen direnek euren piezak buztinarekin landuko dituzte, oinarrizko modelatze, margotze eta esmaltatze tekniken bitartez.

Tailerretan sortutako piezak maiatzean La Casonan egongo den erakusketaren parte izango dira, eta Álavak datozen hilabeteetan bere pieza propioen sorkuntzan aurrera eramango duen lan artistikoa ere baldintzatuko dute. Artistak azaldu duenez, “Proposamen horren bidez, Amurrioko bizilagunak proiektuaren protagonista sentitzea bilatzen dut, eta protagonismo hori tailerretan sortuko da, tailerretan hasiko baita osatzen modu kolektiboan egingo dugun erakusketa”.

Ikastarorako izen-emateak zabalik daude dagoeneko, eta raisa.alava@gmail.com helbide elektronikora idatzita egin behar dira, izena eta adina adieraziz. Ikastaroa doakoa da, adin guztietako parte-hartzaileentzat dago zabalik, eta ez da gaiari buruzko aldez aurreko ezagutzarik behar. Taldea osatzeko plazak mugatuak dira, eta beharrezkoa izango da lau saioetara joatea.