Maiatzaren 18an solidaritateak eta lankidetzak Amurrioko Juan Urrutia plaza hartuko dute

17 Maiatza 2018

Urtero bezala, GKE ezberdinak bilduko dira Amurrion Solidaritatearen Azokan.

Maiatzaren 18an, 10:00etatik 14:00etara, Solidaritatearen XVIII. Azoka egingo da Amurrioko Juan Urrutia plazan, solidaritatea eta nazioarteko lankidetza herritarrengana hurbiltzeko. Amurrioko Udalak, Gizarte Ongizatea eta Euskadiko GGKEen Koordinakundearen bidez, jarduera hau antolatzeko laguntza eman du. Azokaren helburua da jai-giroan kontzientzia kritikoa sustatzea, herritarren artean jarrera solidarioak sorrarazteko. Era berean, Amurrioko herritarrei solidaritatearen eta lankidetzaren mundua hurbildu nahi zaie, bai eta horren beharra eta pertsona bakoitzak horri dagokionez egin dezakeena ere.

Horretarako, parte hartuko duten erakunde eta gizarte-mugimenduek informazio-postuak jarriko dituzte, herritarrei egiten duten lanaren berri emateko. Horrez gain, sentsibilizatzeko hainbat ekintza eta proposamen egingo dira. Azoka GKEek eta beste talde batzuek mundu solidario eta justuagoa eraikitzeko egiten duten kooperazio-lana ezagutu nahi duen ororentzat da.