La Casonak “Ez dut ausarta izan nahi, libre izan nahi dut” erakusketa jasoko du, Zaraobe institutuko ikasleen eskutik

29 Urria 2018

Zaraobe institutuko latineko ikasleek, SEEC (Sociedad de estudios clásicos) antolatutako “Tito Livioren emakumezko pertsonaiak eta arte plastikoak” lehiaketara aurkeztu dituzten lanak erakutsiko dituzte astelehenetik aurrera La Casonan. “Ez dut ausarta izan nahi, libre izan nahi dut” izenburua duen erakusketak 18 lan jasoko ditu, horietatik zazpi lehiaketan saria lortutakoak.

Proiektu horren bitartez, batxilergoko lehen eta bigarren mailako eta DBHko laugarren mailako  ikasleek, emakumeek duela 2.000 urte jasaten zituzten eta gaur egun ere gertatzen ari diren gehiegikeriei buruzko gogoeta egin dute. Horrez gain, gizarteak urte horietan guztietan zein gutxi egin duen aurrera erakusten da. Zaraobe institutuko ikasleek egin dituzten lanak orain arte argitaratu gabeak dira, eta Tito Liviok idatzi zituen eta hainbat garaitako artistek, Rembrandtek, Botticellik edo Picassok, besteak beste, artelan bilakatu zituzten eszenez osatuta daude.

Erakusketak bereizitako hiru alde izango ditu. Batean ikasleek egin dituzten kartelak ikusiko dira, bestean jatorrizko koadroak eta, amaitzeko, jarduera horretan parte hartu duten neska-mutilek egindako PowerPoint-a ikusi ahal izango da.

Udal haur liburutegiaren laguntza duen erakusketa azaroaren 12ra arte bisitatu ahal izango da. Horrez gain, datorren asteartean, urriaren 30ean, 11:30ean, institutuko ikasleek erakusketa aurkeztuko dute.