Atzoko Gaztearen Eguneko bazkarirako gonbidapenak uztailaren 27an eta 28an emango dira udaletxeko arkupeetan

23 Uztaila 2019

“Villa de Amurrio” Familia Elkarteak beste behin ere Amurrioko festetako Atzoko Gaztearen Eguna antolatu du, Udalaren laguntzarekin. Aurten, abuztuaren 13an izango da, eta meza, aperitiboa, anaiarteko bazkaria eta dantzatzeko musika egongo dira. Udalerrian erroldatutako hirurogeita bost urtetik gorako pertsonentzako da, baita urte honetan beteko dituztenentzat ere. Bikotekideak ere joan daitezke, bikoteko pertsonetako batek eskatutako adina edukiz gero. Parte hartzen dutenek gonbidapena eta antolatzaileek egun horretarako emandako zapi zuria eraman beharko dute. Gonbidapena udaletxeko arkupeetan jaso daiteke uztailaren 27an (larunbata), 19:00etan, eta uztailaren 28an (igandea), 12:00etan.

Aurten ezingo da udaletxean izena eman, eta beharrezkoa izango da gonbidapena egun horietan hartzea. Interesa duten pertsonak nortasun-agiriarekin identifikatu beharko dute beren burua, hala eskatzen bazaie. Antolatzaileek festa honetan parte hartzeko beharrezkoak diren bitartekoak jarriko dituzte, ahal duten heinean. Arazoren bat dutenek antolatzaileei adieraz diezaiekete, Familia Elkartearen lokaletara bertaratuta.