Arabako txakolinaren festa igande honetan ospatuko da Amurrion

14 Maiatza 2018

Arabako Txakolina elkarteak Txakolin Egunaren hogeigarren edizioa ospatuko du igande honetan Amurrion. Dagoeneko finkatuta dagoen egun horren bitartez, Arabako produktuak bultzatuko dira beste urte batez. Juan Urrutia parkean zazpi upategik egindako txakolin hoberenak elkartuko dira igandean, Arabako Txakolina Jatorrizko Izendapenaren barruan daudenak barne.

Txakolin Egunak, Arabako Errioxako eta Aiaraldeko kalitatezko ardoak sustatzeko lan egiten duen Vitoria-Gasteiz Wine City elkartea omenduko du aurten. “Hori dela eta, eta gurekin lankidetzan aritu direnei eskerrak emateko, aurten, oso gaztea, baina aldi berean oso aktiboa, den elkartea omentzea erabaki dugu. Sortu zenetik modu garrantzitsuan bultzatu dituzte gure lurraldeko ardoak, gure txakolina ahaztu gabe”, azaldu du José Antonio Merino Arabako Txakolina Jatorrizko Izendapenaren gerenteak.

Aintzatespena igandean, 11:30ean, izango da Amurrioko Udaletxeko Osokoen Aretoan. Ondoren, jai ingurunea inauguratuko da, jaiaren hasierako txupinazoarekin.

Euskolabel zigilua duten pintxoen dastatzearekin Txakolin Egunean eskainiko den eskaintza gastronomiko bikainaz aparte, Arabako Txakolina duten Arabako garrafen bosgarren lehiaketa izango da jardunaldiko ekitaldi garrantzitsuenetakoa. Hori guztia, tokiko artisautza produktuen erakusketarekin eta salmentarekin osatuko da, Urduñako Santa Zezilia fanfarrearen kalejirak alaituta.

2017ko uzta

2017ko uzta “oso ona izan da, iaz 2016an baino %43 inguru gutxiago bildu zen arren. Apirilaren 27tik 28ra bitarteko izozteak mahastiak suntsitu zituen. Dena den, 2017ko uztak, kopuruari dagokionez, behera egin duen arren, 350.000 unitate botilaratu dira”, azaldu du Merinok.

Arabako txakolinaren eboluzioa oso ona izan da 1997an Elkartea sortu zenetik, 50.000 litroetatik marka guztiak hautsi zituen 2016ko 460.000 litroetara pasatuz. Dena den, eguraldiaren baldintzek murrizketa handia eragin dute 2017ko uztan. Arabako Txakolina Elkartea sortu zenetik, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta gaur egun Vital Fundazioa denaren lankidetza ezinbestekoa izan da elkarteak aurrera egiteko.

2018ko uztari dagokionez, aurreikuspenak hobeak dira. “Udaberria oso ona izaten ari da, eta ez da aurreikusten azken unean uzta kalte dezakeen inolako izozterik gertatuko denik”, aurreratu du Merinok.