Amurrioko Udalak, partaidetzan oinarritutako AmurriokoEKIN aurrekontuen beste edizio bat jarri du martxan

10 Apirila 2018

Amurrioko Udalak, partaidetzan oinarritutako AmurriokoEKIN aurrekontuen beste edizio bat jarri du gaur martxan. Ekimen horren bitartez, herritarrek datozen bi urteetan 430.000 euro zelan inbertitu erabaki ahal izango dute. Aurten, berrikuntza gisa, aurrekontuaren parte bat 5.000 eurotik gora eskatzen duten proposamenetara zuzenduta egongo da, eta gainerakoa kopuru horretatik beherako proposamenetara. Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 8an amaituko da.

Udalak 30.000 eurotan handitu du aurrekontua aurreko edizioarekin alderatuz, 5.000 eurotik beherako inbertsio txikiak bultzatzeko xedez. Guztira, prozesu horren bitartez, 2019an 215.00 euroko inbertsioa erabakiko da, eta beste 215.000 eurokoa 2020an.

Aurkeztu beharreko ideiak, inbertsioei buruzko eta udal eskumeneko proposamenak izan beharko dira. Pertsona bakoitzak nahi beste proposamen aurkeztu ahal izango ditu, eta parte hartzeko eskakizun bakarrak hauek izango dira: Amurrion erroldatuta egotea eta gutxienez 16 urte izatea. Eskumenak direla eta, prozesutik kanpo geratuko dira Administrazio Batzar desberdinetan inbertsioak egiteko proposamenak.

Proposamenak 4 bide erabiliz aurkeztu ahal izango dira: Udaletxean, Kiroldegian eta Kultur-Etxean dauden postontzietan; on-line www.amurriokoekin.eus webgunearen bitartez; partehartzea@amurrio.eus helbidera bidalitako mezu elektronikoz; edo herrian zehar instalatuko diren karpen bitartez:

  • Bañueta Kiroldeagia apirilaren 16an goizez eta 26an arratsaldez
  • San Anton merkatuan apirilaren 20 eta 27an goizez
  • San Jose auzoan apirilaren 18an goizez
  • Bañuetaibarren apirilaren 25ean goizez
  • Osasun zentroaren inguruan apirilaren 30ean goizez

Aurreko edizioan bezala, Lan taldea (Talde Motorra) eratu da, prozesuaren jarraipena egiteko eta funtsezko alderdiei buruzko erabakiak hartzeko. Talde hori, Amurrion bizi diren pertsonek osatuko dute, eta elkarteren bat ordezkatuz edo norbanako gisa hartu ahal izango dute parte. Talde horri, hirugarren fasean erabili beharreko lehentasunezko irizpideak definitzea eta bateratu zitezkeen proposamenak aztertzea egokitu zitzaion, beste gai batzuen artean. 

Partaidetzan oinarritutako AmurriokoEKIN prozesuak lau fase nagusi ditu. Une honetan indarrean dagoen lehenengo fasean, herritarrek eta elkarteek hurrengo bi urteetarako inbertsio proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Bigarren fasean, Udalak proposamenen bideragarritasun azterketa egingo du. Hirugarren fasean, proposamen asko egonez gero, horien lehentasuna aztertuko da, azken fasera proposamen kopuru zehatzagoa eramateko xedez; eta laugarren fasean herritarrek ideia finalistak bozkatuko dituzte.