Amurrioko Udalak, Guatemalan giza ekintza gauzatzeko hitzarmena sinatu du Mugen Gainetik GKE-arekin

12 Martxoa 2019

Amurrioko Udalak eta Mugen Gainetik GKEak, Guatemalan giza ekintza gauzatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute, sumendiaren erupzioaren ondoren suntsituta geratu zen komunitateko bizitza berreraikitzeko. Lekuan bertan, hango Rigoberta Menchu Tum erakundea izango da proiektua kudeatuko duena.

Udalak 5.000 eurorekin lagunduko du sumendiaren erupzioak hezkuntzan eta osasunean, babes gutxien duten biztanleen artean, eragin zuen eragina murrizteko, eskoletako teilatuak berreraikiz eta botikez hornituz El Rodeo herrixkako osasun etxea. Horrela, 200 neskatoren eta 179 mutikoren egoera hobetuko da eta, zeharka bada ere, baita komunitateko biztanle guztiena ere.

Mugen Gainetikerakundea 1994tik ari da Guatemalan lanean, Rigoberta Menchu Tum Fundazioarekin, eta bertan Giza Eskubideen aldeko hainbat egitasmo gauzatu dituzte, Alta Verapazeko garapen integrala bultzatu dute, fruta eta baso haztegiak instalatu dituzte, eta kulturen arteko hezkuntza proiektu bat sustatu dute, besteak beste.