Amurrioko Udalak “zure iritziak BALIO DU” inkesta kaleratu du, kontsumo ohiturak ezagutzeko eta negozio aukera berriak hautemateko

15 Apirila 2019

Amurrioko Udalak inkesta bat prestatu du, merkataritza biziberritzeko eta merkataritza sektorearekin erlazionatutako enpresa ekimen berriak martxan jartzeko aukerak aztertzeko xedez. “Zure iritziak BALIO DU” inkesta, Amurrion egiten ari den eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailaren diru-laguntza duen Merkataritza Sektorearen Bideragarritasun Azterlanaren barruan dago.

Joan den abenduan udalerriko merkataritza lokalen inbentario geoerreferentziatua egin ostean, proiektua bigarren etapan dago, herriko merkataritza sektorearen azterlan sakona. Fase horretan tokian tokiko lana egingo da, kontsumitzaileek Amurrioko merkataritzari dagokionez adierazten dituzten iritziak, arazoak edo/eta beharrak ezagutzeko xedez.

Horretarako, herritarrei zuzendutako “Zure iritziak BALIO DU” inkesta diseinatu da, euren kontsumo ohiturak eta toki mailan kontsumitzeko dauden motibazioak edo oztopoak eta modu positiboan baloratzen dituzten edo hobetu daitezkeen alderdiak ezagutzeko xedez.

 

Datu horiek batu eta gero, udalerrian bete gabe dauden beharrak identifikatu dira, ondorengo ideia fasean behar horiei erantzuteko, sorkuntza saioetan merkatariekin, herritarrekin eta administrazioarekin batera landuko diren hobekuntzarako edo/eta ekintzailetzarako proposamenen bitartez.

Inkesta paper formatuan egongo da eskuragarri udalerriko lau puntu estrategikotan: Udaletxean, Kultur Etxean, Kiroldegian eta Nagusi Etxean postontziak jarri dira, inkestak biltzeko. Online ere egin ahal izango da, honako lotura honen bitartez https://forms.gle/NToaVLTr95Y31igx8 Amurrioko Udalaren eta Amurrio Bidean-en webguneetan. Inkestak jasotzeko epea maiatzaren 10ean amaituko da. 

Udaletik deia egiten zaie herritar guztiei proiektuan parte hartze aktiboa izan dezaten, inkesta betetzeko edo ekainaren hasieran antolatuko diren sorkuntza saioetan parte hartzeko.

Inkesta_komertziala.pdf