Amurrio Antzokian magia-, dantza-, musika- eta antzerki-ikuskizunak izango ditugu urritik abendura arteko programazioan

3 Urria 2018

Sarrerak emanaldi bakoitza baino bi aste lehenago jartzen dira salgai Kultur Etxean; astelehenetan bazkideentzat eta hurrengo egunean gainerako pertsona guztientzat. Horrez gain, emanaldiaren egunean bertan ere eskura daitezke, antzokiko leihatilan.

Amurrio Antzokiko denboraldi berria urriaren 6an hasiko da, PADDAM duoaren “Le récital de la chanson” izeneko abesti frantsesen kontzertuarekin. Taldea Estefanía S. Wulf abeslariak eta Iñaki Miguel piano- eta gitarra-jotzaileak osatzen dute, eta eszenaratze benetan dotorea eskainiko digute Amurrioko kultura-espazioan. Beste urte batez, urritik abendura bitarteko programazioa askotarikoa izango da: musika, antzerkia, magia eta dantza.

Zazpigarren urtez jarraian, hilabete honetan bertan hasiko da Aimara Antzerki Taldeak antolatutako Antzerki Amateurraren Erakustaldia. Horren barnean, antzezlan hauek egongo dira ikusgai: “El cuadro" (urriak 20), “Cuando estemos más tranquilas” (urriak 27) eta “¿Qué nos pasa a las mujeres?” (azaroak 3). Antzerkiak protagonista izaten jarraituko du azaroaren 10ean, La Estampida konpainiaren “Princesas del Pacífico” lanarekin. Oinarri soziala duen komedia da, eta Max sarietarako hautagaia izan zen Ikuskizun Berri Onena eta Egile Berri Onena kategoriatan. Azaroaren 11n, berriz, magia ikusi ahal izango dugu Amurrio Antzokian, Asier Kidamen “Magiaren Iraultza” ikuskizunari esker, eta hilaren 17an, berriz, Ziomara Hormaetxek zuzendutako “Biopiracy” dantza- eta musika-ikuskizunaz gozatu ahal izango dugu. Azaroari amaiera emateko, “Ele, Lauaxeta-Lorca” ikuskizuna izango dugu azaroaren 24an, diziplina ugari uztartzen dituen proposamen eszenikoa (kantua, musika, antzerkia, poesia eta proiekzioak).

Abenduaren 15ean urtero ohikoa den eta gogoz itxaroten dugun gospel-kontzertua izango dugu, Gasteizko Joyful Gospel Choir abesbatzarekin. Arabako Abesbatzen Elkartean sortutako abesbatza hau gospel estiloko erreferentziako musika-taldea bilakatu da Gasteizen. 25-30 koristak osatzen dute eta hainbat kontserbatoriotan (Musikene, Iruñeko Pablo Sarasate eta Bartzelonako Liceu) prestakuntza jasotako bost jazz musikarik laguntzen diete.

Amurrio Antzokiko programa honi amaiera emateko, Laudioko Siroko taldeak “Bernarda 5.0” antzezlana eskainiko digu, zeinak Epaimahaiaren Sari Berezia jaso baitzuen Zaragozako Antzerki Ez Profesionalaren Lehiaketan. Federico García Lorcaren “La casa de Bernarda Alba” obraren egokitzapen eta bertsio librea da.

Beste emanaldi batzuk

Amurrio Antzokian bestelako kultura-jarduerak ere izango ditugu, hala nola “Las abuelas guerreras” antzezlana. Azaroaren 9an izango da, Gasteizko Las Cuatro Torres elkartearen eskutik. Abenduaren 20an eta 21ean, berriz, Udal Musika Eskolako ikasleen kontzertuez gozatzeko aukera izango dugu, eta urteko azken hilabete horretan Haziak jaialdia ere egingo da, sei hilabetetik lau urtera bitarteko haurrak dituzten familiei zuzendua.