“Soluciones despiertas para pymes y profesionales con prisas” da Amurrio Bideanek eskainiko duen hurrengo ikastaroaren izenburua

11 Apirila 2018

Tresna digital desberdinak erabiltzen irakatsiko dute, profesionalei eta enpresetako langileen lana errazteko.  Halaber, langabezian dauden pertsonak joan daitezke tokia geratzen bada.

Prestakuntza hori ReforAmurrio Enpresaldeako teknologia berrien areto berrian garatuko diren lehenengoa izango da.  Berrikuntza horrekin aretoaren banaketa aldatu da. Erdia erabiliko da mahai gaineko ordenagailuak jartzeko eta, gainera, erabilera anitzeko lan-eremu bat jarri da mahai eta aulkien, prestakuntzaren beharren arabera berrantolatu daitekeena. Horrela, ekipamendu informatikoen erabilera eta, adibidez, talde-lana uztartzen dituzten ekintzak egin ahal izango dira.

“Soluciones despiertas para pymes y profesionales con prisas” izenburu bitxia duen ikastaro horretan eduki digitalak lantzeaz gain, enpresaren munduko kontzeptuak ere landuko dira modu dibertigarri eta atseginean, gamifikazioaren bitartez; hau da, jolasen bitartez ikasiz.

Prestakuntza 6 asteazkenetan eskainiko da jarraian, apirilaren 25etik aurrera; eta landuko den edukiari dagokionez, saio bakoitzak helburu desberdin bat izango du.

Zerrendak, eginkizunak eta proiektuak kudeatzea gauza bera ez denez, lehenengo saioan kontzeptu horien arteko desberdintasuna ikasiko dugu, eta kasu bakoitzerako erabilgarriak izango diren 3 tresna ezagutuko ditugu: Google Keep, Wunderlist eta Zoho Projects.

Bigarren saioan aurkezpenak landuko dira. Nork ez luke nahi aurkezpen ikusgarri bat eskaintzeko gai izan? Tresna digitalak ezagutuko ditugu, aurkezpen on bat egiten lagunduko digutenak eta, amaieran, gustukoenetan jarriko dugu arreta: PowToon eta Genial.ly

Hirugarren saioan talde-lana landuko da, askotan erronka bat izaten delako. Halaber, agendak eta fitxategiak koordinatzea ere landuko da. Modulu honetan ezagutuko dugu zer diren eta nola erabiltzen diren lainoko esparruak, esaterako, Google Drive eta Dropbox, Google Calendar aplikazioarekin partekatzeko dauden aukerak, eta hirugarrenekin hitzorduak eskatzeko sistema bat edukitzea. Tymify.

Laugarren saioan inprimakiak landuko dira. Horiek erabilgarriak dira ekitaldi baterako izen-emateak automatizatzeko esteka baten bitartez edo giroari buruzko inkesta bat sortzeko, besteak beste. Google Forms-ekhirugarrenen informazioa bildu eta lantzeko milaka aukera ematen dizkigu inkesta eta inprimakien bitartez.

Bosgarren saioan web eremuak aztertuko ditugu, enpresa eta profesionalek behar dituztenak, zerbitzuak eskaintzeko edo berriei buruzko blog bat eratzeko. Modulu honetan ikasiko ditugu eremu eta tresna desberdinak horietako bakoitza eratzeko. Wordpress eta Paper.li.-rekin trebatuko gara.

Azken saioan, komunikazio kanal digital desberdinak zeharkatuko ditugu, enpresa bakoitzarentzat egokiena aztertuko dugu eta ordaindutako publizitate-eremuak nola hautatu azalduko dugu. Mailchimp tresna erabiltzen ikasiko dugu aldizkariak bidaltzeko.

Esan dugun bezala, prestakuntza ReforAmurrio Enpresaldean eskainiko da apirilaren 25etik maiatzaren 30era arte, asteazkenetan, 16:00etatik 19:30era, eta Vital Fundazioak finantzatuko du Aiarako Kuadrillaren bitartez.

Informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko, jarri harremanetan Amurrio Bideanekin, 945891721 telefono-zenbakira deituta edo empresa@amurriobidean.org helbidera idatzita.