Neurri espezifikoak betez joan ahal izango da astelehenetik aurrera Amurrioko udal baratzetara

Amurrioko Udalak neurri espezifikoak ezarri ditu autokontsumorako udal baratzetara eta baratze pribatuetara joateko, koronabirusaren hedapena prebenitzeko xedez. Udalerriko udal baratzeak hiru gunetan daude kontzentratuta eta, ondorioz, kutsadura saihesteko xedez, neurri espezifiko hauek hartu dira:

  • Baratzearen titularra edo hark izendatutako pertsona baino ezin izango da joan eta, bigarren kasu horretan, hori adierazten duen dokumentu pribatua eraman beharko du.

 

  • Ahal izanez gero, joan-etorriak ibilgailuan egin beharko dira (bizikletan, automobilean…). Norbaitek eramanez gero, etxe berean bizi den pertsona izan beharko da, ibilgailuaren atzealdean bidaiatuz, kopilotuaren atzealdeko eserlekuan, eta bi pertsonek maskarak eraman beharko dituzte.

 

  • Baratzetara joateko egun hauek ezarri dira:

Hilerri inguruko baratzeak, astelehenetan eta asteazkenetan.

San Roke inguruko baratzeak, astearteetan eta ostegunetan.

Letobe inguruko baratzeak asteazkenetan eta ostiraletan.

 

  • Baratzetara 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara joan ahal izango da. Beharrezkoa izango da nahi den txanda aukeratzea, ez baita baimenduko egun berean goizeko eta arratsaldeko txandan joatea.

 

  • Udaltzaingoari jakinarazi beharko zaio, 945038260 telefono zenbakira deituz, jende kopurua ahalik eta modu egokienean kontrolatzeko. Udaltzaingoak baratzera joatea eskatu dutenen kontrola eramango du, eta txanda bakarrean gune bakoitzeko erabiltzaileen erdia baino ezin izango da joan.

 

  • Adierazitako hiru guneetatik kanpoko udal baratzeak antzeko egutegiak eta ordutegiak arautuko dituzte, astean bi egunetan, eta egun bakoitzean lau ordu.

 

  • Baratzean makinaren bat erabiltzeko zerbitzua kontratatzen bada, titularra lan hori egiten ari den pertsonarengandik bereiztuta egon beharko da, eta biek maskarak erabili beharko dituzte.

Hartutako neurriak betetzea Amurrioko Udaltzaingoak kontrolatuko du, eta baratzetara aurretik jakinarazi gabe doazenei eta bertan baimendutakoa baino denbora gehiago egiten dutenei salaketa jarriko zaie.

Baratze pribatuak

Baratze pribatuei dagokienez, titularraren etxebizitzaren lurzatiaren barruan daudenek ez dute erabilerarako mugarik izango, beste arautegi batzuetan ezarritakoez aparte, sortzen den zarata dela eta ezarrita dagoen ordutegia, besteak beste. Titularraren etxebizitzatik kanpo daudenei dagokienez, joan-etorriak banaka egin beharko dira, pertsonen artean utzi beharreko tarteari dagokionez ezarritako guztia betez.