Mugiamurriok jarduera fisikoa eta osasuna sustatzeko programetarako izen-ematea ireki du

Mugiamurrioko “Bizi Zaitez Bizi” eta “55+ Bizitza Aktiboa Osasunerako” programetan izena emateko epea astelehenean irekiko da. Martxoko lehen astean hasi eta ekainaren erdialdean bukatuko diren bi programek jarduera fisikoa eta osasuna sustatzea dute helburu. Orientazio-zerbitzua Kultur Etxean ematen jarraituko da ostegunetan, 16:00etatik 18:00etara, eta ostiraletan, 11:00etatik 13:00etara, interesdunek aholkularitza jaso dezaten.

Mugiamurrio ekimenaren helburua udalerri aktiboa lortzea da. Horregatik “azaroan, Covid-19ak sortutako egoera eta erakundeek hartutako neurriak zirela eta, bertako zerbitzu batzuk egokitu behar izan ziren. Ohiko jardueren artean txango osasuntsuak bertan behera utzi behar izan ziren, eta osasun egoerak aukera ematen duen bezain laster ekingo zaie berriro”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Jarduera fisikorako eta osasunerako programak

“Bizi Zaitez Bizi” saioa astelehenetan egingo da Nagusi Etxean eta 3 talde izango dira, 9:30ean, 10:30ean eta 11:30ean. Programa honen helburua Amurrioko adinekoen ongizatea, bizi-kalitatea eta garapen pertsonala sustatzea da. Saioetan zahartze aktiboari eta egokiari buruzko oinarrizko ezagutzak transmitituko dira, bizimodu aktiboa eta osasungarria sustatuko da eta jarduera funtzionala orekatzeko eta funtzionamendu emozionala, motibazionala eta soziala optimizatzeko estrategiak irakatsi eta entrenatuko dira.

Bestalde, “55+ Bizitza Aktiboa Osasunerako” programa asteazkenetan gauzatuko da, Reforren, eta 3 talde izango ditu, 9:30ean, 10:30ean eta 11:30ean. Jarduera honen bitartez, udalerriko 55 urtetik gorako biztanleen zahartze aktiboa eta osasungarria sustatu nahi da, ohitura osasungarriak irakastearen eta trebatzearen bidez, jarduera fisikoa, besteak beste. Jarduera funtzionala konpentsatzeko estrategiak eta motibaziozko funtzionamendua optimizatzeko estrategiak landuko dira, bizimodu aktiboa eta osasungarria lortzeko.

Izen-emateak

Bi programetarako izen-ematea otsailaren 15etik, astelehenetik, 26ra bitartean egin ahal izango da Mugiamurrioren bulegoan, Kultur Etxeko lehen solairuan, ostegunetan 16:00etatik 18:00etara, eta ostiraletan 10:30etik 12:30era. 619411732 telefono-zenbakira deituta ere eman ahal izango da izena.

Dauden plazak baino eskari handiagoa badago, irizpide hauek erabiliko dira parte-hartzaileak hautatzeko: lehenik, Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzutik (SOAF) bideratutako pertsonak; ondoren, orain arte programen aurreko edizioetan parte hartu ez duten pertsonak, eta, azkenik, programen aurreko edizioetan parte hartu dutenak.

Orientazio-zerbitzua

Orientazio zerbitzuak Mugiamurrioren funtsezko pieza izaten jarraitzen du, eta normaltasunez egiten da Kultur Etxean, ostegunetan 16:00etatik 18:00etara, eta ostiraletan 11:00etatik 13:00etara, interesdunek aholkularitza jaso ahal izan dezaten. Orientazio zerbitzura joateko aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da 619411732 telefono-zenbakira deituz edo mugiamurrio@gmail.com helbidera idatziz.