Mugiamurriok Covid-19a dela eta hartutako neurrietara egokituko ditu bere zerbitzuak

Udalerri aktiboa lortzea helburu duen Mugiamurrio programak bere zerbitzu batzuk egokitu behar izan ditu, erakundeetatik Covid-19aren hedapena saihesteko hartutako neurrien ondorioz. Hori dela eta, ibilaldi osasungarrien jarduera bertan behera utzi behar izan da osasun egoerak horiei berriro ekiteko aukera eman arte, baina gimnasia egiteko El Reforreko “50+ Bizitza Aktiboaren Sustapena Osasunerako” eta Nagusi Etxeko “Bizi Zaitez Bizi” ekimenetako bi taldeek aurrera jarraitzen dute, indarrean dagoen araudira egokitu ondoren. Bestalde, orientazio zerbitzuak orain arte bezala jarraitzen du.

“Erakundeek hartutako neurri guztiak betez Mugiamurrio programari eustea funtsezkoa da, orain inoiz baino gehiago. Egungo abagunean, jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa murriztea funtsezkoa izan daiteke Amurrioko herritar askorentzat. Izan ere, konfinamendu garaian, adinekoei etxean ariketa fisikoa egitea errazteko asmoz, bideo errutina bat jarri zen martxan, eta arrakasta handia izan zuen”, azaldu du Unai Arrieta jarduera fisikoko profesional eta Mugiamurrio programako arduradunak.

El Reforren eta Nagusi Etxean egiten diren ariketa fisikoko taldeak azaroan hasi dira lanean, horien funtzionamendua indarrean dagoen araudira egokitu ondoren. Guztira, 60 pertsona inguruk egiten dute astero gimnasia bi programa horien bitartez. Martxoan beste programa bana hasiko da, aurretik izena eman ezin izan duten pertsonei parte hartzeko aukera emateko.

Jardueraren bigarren zatia ekainera arte luzatuko da, eta, horretarako, irizpide hauen araberako baremazioa egingo da: lehenik, orientazio zerbitzuak bideratutako pertsonek hartuko dute parte; ondoren, oraindik egin ezin izan dutenek izango dute jardueraz gozatzeko aukera, eta, azkenik, plazen eskaera eskainitako plaza kopurua baino handiagoa bada, zozketa egingo da noizbait programetan parte hartu duten pertsonen artean.

Orientazio zerbitzua

Orientazio zerbitzuak Mugiamurrioren funtsezko pieza izaten jarraitzen du, eta normaltasunez egiten da Kultur Etxean, ostegunetan 16:00etatik 18:00etara, eta ostiraletan 11:00etatik 13:00etara, interesdunek aholkularitza jaso ahal izan dezaten. Orientazio zerbitzura joateko aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da 619411732 telefonora deituz edo mugiamurrio@gmail.com helbidera idatziz.