Martxoaren 15ean egingo da Berdintasunaren Aldeko Eskualdeko III. Ibilaldi Neurtua

Martxoaren 15ean, igandean, Berdintasunaren aldeko Aiaraldeko Eskualdeko III. Ibilaldi Neurtua egingo da. Ibilaldia Kaskagorri eta Altzarrate taldeek antolatu dute, eta Amurrioko, Laudioko eta Aiarako Udalen laguntza du. Kamisetak amaitu arte eman ahal izango da ibilaldian parte hartzeko izena.

Hirugarren urtez jarraian Araiako Haranean egiten den ekimenaren helburua eskualdean berdintasuna indartzea eta sustatzea da. Ekimenak Amurrio eta Laudio lotuko ditu, inolako zailtasunik gabeko 12.400 metroko ibilbide laua, familia osoarekin egin ahal izateko. Luiaondon, ibilbidearen erdialdean, partaideentzako edariak, fruta eta gailetak izango dituen anoa puntua egongo da.

Ibilaldia goizeko 10:00etan hasiko da Amurrioko eta Laudioko Herriko Plazetan aldi berean. Ibilbidea amaitu ondoren, abiapuntura itzultzeko doako autobusak egongo dira.

Izen ematea

Izen emateak kamisetak amaitu arte egin ahal izango dira, Amurrioko Kultur Etxean eta Laudioko eta Aiarako Udaletako Herritarren Arretarako Zerbitzuan, goizez eta Altzarrate eta Kaskagorri taldeen egoitzetan arratsaldez. Izena emateko 5 euro ordaindu beharko dira, eta izen ematea eta ordaindu izanaren frogagiria aurkeztean, kamiseta tekniko bat eta zapi oroigarri bat emango dira, dortsalarekin eta ibilaldiaren irteerako eta iritsierako kontroleko fitxarekin batera.

Ekimenak gero eta parte hartze handiagoa izan du egin diren edizioetan. Iaz, Berdintasunaren aldeko Eskualdeko Ibilaldi Neurtuak 1.318 pertsona elkartu zituen, lehenengo urteko partaide kopurua bikoiztuz. Edizio honetan, antolakuntzatik 1.500 pertsonetara heltzea aurreikusten da.

Sarien banaketa Aiarako Udaleko berdintasun sailean izango da, ibilaldia egin eta hurrengo egunetan. Irabazlea ez da ibilbidea azkarren egiten duena, egindako denborak neurtuko dira eta bitarteko denbora egokienak lortu dituztenek saria jasoko dute.