La Casonak Yolanda Mosqueraren “Ilustrazioa: Artea eta ofizioa” erakusketa jasoko du ostiraletik aurrera

Yolanda Mosquera Amurrioko artistak, Euskadi Ilustrazio Saridunak, bere ibilbide artistikoaren errepasoa egiten duten lan originalak erakutsiko ditu ostiraletik aurrera La Casonan. Inaugurazioa ostiral honetan izango da, 20:00etan, eta ilustratzaileak bisita gidatua egingo du erakusketa osatzen duten lanak azalduz; otsailaren 15era arte egongo da ikusgai.

“Ilustrazioa: Artea eta Ofizioa” erakusketak, iaz Euskadi Ilustrazio Saria irabazi zuen Yolanda Mosqueraren ibilbide artistikoa jasotzen du 70 irudi inguruk osatutako 19 proiekturen bitartez. La Casonan dagoen erakusketak ilustratzailearen lanbidearen ikuspegi orokorra planteatzen du, eta gaikako 5 bloke handitan egongo da banatuta.

“Bisita gidatuan, ilustrazioak barne hartzen dituen arloetatik ibilbidea egingo dut: argitalpenerako, publizitaterako eta produkturako ilustrazioa, zenbait proiektu pertsonalekin amaitzeko. Bertan, urte hauetan izan dudan bilakaera estilistikoa eta nire irudietan erabiltzen ditudan teknika mota ugariak ikusi ahal izango dira. Gainera, proiektu horiek eskatzen dituzten lanerako prozesu batzuk erakutsiko ditut”, azaldu du Mosquerak.

Josune Irabien Amurrioko alkateak aitortu duenez, “beti da berezia eta harro egoteko modukoa herriko artistek Amurrion erakusketak egitea, eta oraingo honetan ere benetako ohorea da La Casonan erakusketa hau jasotzea. Artista gisa egin duen ibilbidea eta Euskadi Ilustrazio Saria, ziurrenez diziplina horretan Euskadin ematen den aitorpen instituzional garrantzitsuena, jaso izana aintzatesteko balio izatea nahi dugu. Udaletxean ere badaukagu bere artearen parte bat, Herritarren Arretarako Zerbitzuko ilustrazio guztiak Yolanda Mosquerarenak dira eta”, adierazi du Josune Irabien Amurrioko alkateak.

“Técnica del estarcido con polvo de grafito” tailerra

Erakusketaren barruan, helduei zuzendutako tailer bat antolatu da, 2018ko ilustrazio modalitateko Euskadi saria jaso zuen “La pequeña Roque” liburuaren lan prozesua aurkezteko eta, txantiloiz pintatzearen, konposizioaren eta distortsioaren teknikekin aritzeko, adierazpenerako modu gisa. Urtarrilaren 23an izango da, 18:00etatik aurrera, La Casonako erakusketa aretoan, eta bi ordu iraungo ditu. Plazak mugatuak dira eta, ondorioz, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea Kultur Sailean.