La Casonak uztailaren 3an irekiko du erakusketa aretoa, Raisa Álavarekin

Amurrioko La Casonak, Raisa Álava herriko artistaren erakusketa jasoko du uztailaren 3tik aurrera. Lehenagorako aurreikusita zegoen arren, Covid-19ak sortutako egoera dela eta, atzeratu egin behar izan zen. Artiumek eta Arabako Foru Aldundiak bultzatutako Eskualdea programaren barruan dagoen erakusketak ‘Fotonovela’ proiektuko piezak bilduko ditu.

Artistak aurkezten duen erakusketa komikiarekin eta argitalpenaren munduarekin dago erlazionatuta. Bi jarduera horiek oso presente daude bere sorkuntza jardunean. “Aktoreen argazkiak atera beharrean, zeramikekin egiten dut. Horrela, dena erlazionatuta geratzen da: komikia, argitalpen prozesua eta zeramika-instalazioa. Lanaren prozesuan zehar, hori kontuan hartu barik, gidoi bat idazten dut, dena elkarrekin erlazionatuta geratu dadin, horrela, dena konektatu)eta erakusketa aretoan dena bi dimentsiokoa eta hiru dimentsiokoa izan dadin”, azaldu du Álavak.

Artistak, proportzioaren eta konposizioaren kode tradizionaletatik urruntzen den lengoaia berritzailea proposatzen du. “Marrazkian oinarrituta, batez ere komikitik datozen hainbat elementu erabiltzen ditut. Forma bakoitza aletzen eta banakatzen saiatzen naiz, grafia edo elementu figuratibo formako kode berri bat asmatu arte. Ariketa horri esker, narratiba modu berriak sortzen saiatzen naiz, ausazkotasunaren eta zentzurik ez duenaren bitartez”, gaineratu du.

Artistaren lanekin batera, azaroan eta abenduan Kultur Etxean eman zituen tailerretan sortutako piezak ere bilduko ditu erakusketak. Artistak azaldu duenez, tailerren bitartez “Amurrioko bizilagunak proiektuaren protagonista sentitzea bilatzen dut”.

Erakusketa uztailaren 31ra arte egongo da ikusgai La Casonan, egunero, astelehenean izan ezik, 10:00etatik 14:00etara eta, asteartetik ostiralera, baita 17:00etatik 19:00etara ere.

 

Mario Paniegoren ‘Sin rumbo fijo’

Eskualdea programaren barruan dago, eta Mario Paniego artista amurrioarrak Gorbeialdeko koadrilan seinaleztatutako mendi ibilaldi batzuetan egindako eta gogoetan oinarritutako esku-hartze artistikoetan zentratzen da. Ekainaren 27an Oroko Santutegira irteera antolatu da, eta bertan, ‘Sin rumbo fijo’ proiektuaren aurkezpena egingo da. Hainbat geldialdi izango dituen 6 kilometro inguruko ibilbide zirkularra egingo da. Irteera horretan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea. Horretarako, eskualdea@gmail.com helbidera bidali beharko dira izena eta abizena, inskripzioa egiteko.