Informazio panel batek amaiera eman dio Elexazarreko erromatarren garaiko aztarnategiaren indusketa prozesuari

Erromatarren garaiko Elexazarreko aztarnategiaren indusketa proiektua 2009an hasi zen, eta bertako kanpainetan egindako aurkikuntzak jasotzen dituen informazio panel bat jarrita eman zaio amaiera prozesuari. Juanjo Hidalgok zuzenduta aztarnategi arkeologikoan egindako indusketa eta berriztatze lanak Arabako Foru Aldundiak eta Amurrioko Udalak baimendu eta kofinantzatu dituzte.

Behar bezala kontserbatzeko eta zaintzeko aztarnategia eta bere egiturak finkatu ondoren, egindako aurkikuntzak eta esku-hartze horietan lortutako informazioa jasotzen dituen azalpen panel bat jarri da. Panel hori jartzeak eman dio amaiera aztarnategia berreskuratzeko prozesuari, eta, gainera, Elexazarrera hurbiltzen diren pertsona guztiei prozesuari buruzko informazioa eta ezagutza ematea du helburu.

Aurkikuntzak

Kanpainetan zehar Elexazarren egindako esku-hartzeei esker, K.O. I. eta III. mendeen arteko erromatarren garaiko etxalde bat identifikatu ahal izan da. Erdiko espazio baten inguruan zeuden zenbait esparruz osatutako eraikin nagusi batek eta ukuilu eta tailer gisa interpretatzen diren beste bi eraikinek osatzen zuten. Gainera, aztarnategian kronologia zorrotz samarra ezartzeko aukera eman duten hainbat material aurkitu dira.

Zeramikazko eltze, plater eta erretiluen aztarnekin batera, elementu metalikoak ere aurkitu dira, iltzeak eta puntak, eta baita sandalien eta boten tatxetak, brontzezko elementuak eta Alexandro Severo eta Gordiano III.a enperadoreei zegozkien bi txanpon ere. Elementu horiek guztiek III. mendearen erdialdean jartzen dute aztarnategiaren amaiera. Elexazarreko aurkikuntzarik esanguratsuenen artean, hareharrizko lau angeluko bloke batean, zezen baten burua irudikatuta agertzen den ara taurobolio landu bat nabarmendu behar da. Zibelesen gurtzarekin erlazionatuta dagoen eta sakrifizio eta sinbolo izaera duen elementu erlijiosoa da. Horren bitartez, Jainkosaren mesedea eskatu nahi da Elexazarreko biztanleen eta etxaldearen jardueraren martxa onaren alde.