Igoera solidarioa Babio mendira abenduaren 23an eta 24an

Amurrio Trail Taldeak ametsak beteko ditu berriro, laugarren urtez, abenduaren 23an eta 24an, “Ametsak betetzen” goiburua eramango duen “Babio non stop” ekimenean. Babio mendira igotzeko ekimenaren bidez, 10 € bildu dira proban izena emateagatik. Aurten, bildutako dirua kardiopatia kongenitoei buruzko Bihotzez elkarteari emango zaio oso-osorik.

“Babio non stop” erronka abenduaren 23an hasiko da, 18:00etan, eta, une horretatik aurrera, orduro irteera bat egingo da Juan Urrutia plazatik Babio mendiaren tontorrera. 16 orduz jarraian irteerak egin eta gero, abenduaren 24ko 10:00etan, Mendi Solidarioekin eta Olentzerorekin egin ohi den igoerarekin emango zaio amaiera ekimenari.

Erronka solidarioak 600 pertsona baino gehiago bildu zituen iaz mendiaren tontorrean, eta 4.600 euro bildu zituen. Diru hori AEFATera, Ataxia Talangiektasia izeneko gaixotasun arraroa duten pertsonen elkartera, bideratu zen osorik. “Aurreikuspenek erakusten dutenez, aurten 600 lagunetik gora izango gara, eta diru-kopuru garrantzitsua bilduko dugu kardiopatia kongenitoei buruzko Bihotzez elkartearentzat”, azaldu du Imanol Llano Amurrio Trail Taldeko presidenteak.

Helburu solidarioak

“Babio non stop” ekimenak helburu solidario bikoitza du. Bildutako diru guztia elkarte bati emateaz gain, posible egiten du mendira igotzeko zailtasunak dituzten pertsonek Mendi Solidarioak elkartearen bi aulkien bidez igo ahal izatea, eta aurten, lehen aldiz, baita Udalak erosi zuen aulki egokituaren bitartez ere.

Lehenengo edizioan Borjak, bizkarrezur bifidoa zuen umeak, Babiora igo ahal izan zuen Olentzero ikustera, eta hurrengo urteetan ekimenak zenbait haurren ametsa betetzen jarraitu du. Aurten, aurrera jarraituko da ekimenarekin Amurriok duen aulki egokituari esker eta Mendi Solidarioak elkartearen laguntzarekin.