Gasolindegiko biribilgunea urbanizatzeko lanak hasi dituzte

Gasolindegiko biribilgunea urbanizatzeko lanak gaur hasiko dituzte, hura osatzen duten elementuak eraisteko eta desmuntatzeko lanekin. Orubea egokitu eta urbanizatzeko fase hau abenduaren 20ra arte luzatuko da. Berrurbanizatze-lanek 7 hilabete iraungo dute gutxi gorabehera, eta Construcciones Arana enpresari esleitu zaizkio, 528.531 euroren zenbatekoan.

Gaurtik aurrera, etxola eraitsiko dute, eta Aldai, Etxegoien eta Jose Medinabeitia kaleen elkargunean dagoen zerbitzugunea osatzen duten lau deposituak desmuntatuko dituzte. Lan horiek bi astez luzatuko dira, eta ez diote trafikoari eragingo gasolindegiaren ondoko bideetan.

Deskontaminazio-lanak amaitu ondoren, gelditzen den lurzoruaren azterketa egingo dute, gainazala urbanizazioa gauzatzeko eta biribilgunea eraikitzeko egoera onean dagoela egiaztatzeko.