Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Udalari jakinarazi dio Zabaleko ikastetxea irekita egotea erabaki duela

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ofizialki jakinarazi dio Amurrioko Udalari Zabaleko ikastetxeak bere ohiko jarduerarekin jarraituko duela datozen ikasturteetan, orain arte bezala.

Hala jakinarazi dio Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Txerra Molinuevo alkateari; izan ere, duela astebetetik etengabe eta egunero harremanetan dago alkatearekin, ikastetxe publikoaren egoera argitzeko asmoz. Horrela, baztertu egin da Zabaleko eta Mendiko zentroek bat egitea.

Era berean, bermatzen da San Jose auzoan dagoen Zabaleko eskola publikoak, hurbiltasunez eta ikasgelako ratioa inoiz gainditu ez duen ikasle-kopuruarekin, udalerriko gazteentzako kalitatezko hezkuntza indibidualizatuan oinarritutako jarduerarekin jarraituko duela.

Gobernu-taldearen babesa

Udalak, bere aldetik, eta bere izenean Txerra Molinuevo alkateak, Zabaleko ikastetxea osatzen duen hezkuntza-komunitate osoari eta udalerriko prestakuntza-zentroen sarea osatzen duten gainerakoei babesa eman nahi die.

Alkateak adierazi duenez, “Guretzat, lehenengo auzotar gisa, eta, jakina, udal gisa, funtsezkoa da Zabalekoarena bezalako ikastetxeek udalerrian egiten duten lanarekin jarraitzea, hezkuntza-mailan ez ezik, tokiko errotze handia duten balioetan ere ekarpen handia egiten dutelako”. Horregatik, “Astebete daramagu Hezkuntza sailburuarekin harremanetan, eta, lan horren emaitza gisa, Sailburuak esan duenez ‹‹erabaki dugu 2021-2022 ikasturterako plangintza egitea, hau da, 2021-2022 ikasturtera arte garatzea››. Era berean, Bildarratz sailburuak Amurrioko hezkuntza komunitate osoaren beharrak eta eskaerak jasoko dituzten proiektu ilusionagarrien aldeko apustua egiten jarraitzeko asmoa azaldu digu”, gaineratu du.

Udalak Zabaleko eta Mendiko zentroetan inbertitzen jarraituko du, eta 50.000 euroko aurrekontua erreserbatu du horietako bakoitzarentzat. Zabalekoren kasuan, partida ekonomiko hori gurpil-aulkientzako plataforma jasotzaile bat jartzera bideratuko da, ikastetxeko solairuen arteko komunikazioa bermatzeko.

Horregatik guztiagatik, “Ikastetxeko ikasleen Gurasoen Elkarteari, hau da, Guraso Elkarteari, beste dei bat egin nahi nioke, kezka handia azaldu baitidate lasai egon daitezen, proiektuarekin jarraitzeko erabakia irmoa baita, eta Udalak orain arte bezala defendatuko baitu, jarraipena bermatzeko”, amaitu du Txerra Molinuevok.