Euskaraldia 2020, eman izan!

Euskaraldia ate joka dugu, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo den ariketa sozial erraldoian parte hartuko dugu Amurrioko ehundaka ahobizik eta belarriprestek, gure hizkuntza ohiturak aldatzeko.

Bi rol nagusi egongo dira: ahobiziak eta belarriprestak. Rola aukeratzean, gakoa jokaeran dago.

Ahobiziak. Nola jokatu behar dut ahobizia banaiz?
Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.

Belarriprestak. Nola jokatu behar dut belarripesta banaiz?
Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.

Aurten ere, entitateekin bat egingo dugu, horreterako, ARIGUNEAK sartuko dira ariketara. Euskaraz lasai aritzeko guneak dira hauek. Amurrion guztira 67 arigune izango ditugu!!

Euskaraldian izena emateko, http://izenematea.euskaraldia.eus/ webgunean egin daiteke, baita etxeetan jasoko diren eskuorriak bete eta herriko gune ezberdinetan; ikastetxeetan, udaletxeko HAZ-en (SAC), liburutegian edota kultura etxean egongo diren postontzietan sartuta. Izen ematea azaroren 19an itxiko da.

Ariketa erraldoi honetan, txapak izango ditugu ahobizi eta belarriprest rolekin. Izena eman duen pertsona orok jasoko du berea, online bidez izena ematen duten lagunek kultura etxean eta gainontzekoek izena eman duten postontzia dagoen gunean jasoko dute, azaroaren 13tik aurrera.

Informazio gehiagorako: amurrio.euskaraldia@ni.eus helbidera idatzi edo 688784629 zenbakira hots egin.

Animatu eta eman izena!!