Urtarrilean eta otsailean haurrentzako masaje-tailerra egingo da Amurrioko Kultur Etxean, eta aurretiaz eman beharko da izena

Bost saio izango dira: urtarrilaren 11, 18 eta 25ean eta otsailaren 1 eta 8an, larunbatak guztiak.

Amurrioko Aurreraka Emakumeen Elkarteak beste urte batez haurrentzako masaje-tailerra antolatuko du 0 eta 12 hilabete bitarteko haurtxoak dituzten familiei zuzenduta; halaber, Amurrioko Udaleko Berdintasun sailaren lankidetza du. Urtarrilaren 11, 18 eta 25ean eta otsailaren 1 eta 8an egingo dira Kultur Etxean, goizeko 11:00etatik 13:00etara. Gehienezko plaza-kopurua zortzi familiakoa da (haurtxoek beren gurasoekin egon behar dute: guraso bakarreko familia bat izatekotan, pertsona bat, eta, bi gurasoko familia bada, biak). Izen-ematea egin den ordenaren arabera esleituko dira plazak, eta kontuan izan behar da lehentasuna izango dutela Amurrioko familiek. Prezioa 40 €-koa da Amurrion erroldatuta daudenentzat, eta 50 €-koa aipatutako udalerrian erroldatu gabekoentzat. Izen-emateak abenduaren 18an, goizez, formalizatu ahal izango dira, eta abenduaren 19an goizez zein arratsaldez, Kultur Etxean eta amaurreraka@gmail.com helbidean. Haurren masajea metodo errazena da haurtxoarekin lehenengo harremana ezartzeko. Ukipenaren, ahotsaren eta begiradaren bidez transmititzeak lotura emozionalak sortzen ditu haurtxo eta zaintzaileen artean.

Konfiantza, segurtasuna eta onarpen emozionala

Teknika honen bidez konfiantza, segurtasuna eta onarpen emozionala sustatzen dira, eta horrek pertsona gisa hazkunde orekatuagoa izaten lagunduko du. Ikastaroan zehar, hainbat teknika irakatsiko dituzte, nerbio-, immunitate-, arnasketa-, zirkulazio- eta muskulu-sistemetako eta urdail eta hesteetako aktibatzea errazteko. Haurtxoak zaintzeko intereseko gaiak landuko dira: masajeen garrantzia. kolikoak, gasak, idorreria, erlaxazioa, jolasa eta negarra.

Saio horiek bereziki onuragarriak dira haurtxoentzat, hilabete bat dutenetik urte bat betetzen duten arte. Hala ere, bost hilabetera arteko haurrei emango zaie lehentasuna, plazak betetzekotan, onura handiagoak dituelako hilabete bat eta hiru hilabete arteko haurrentzat.