“Emakumeen aztarnak. Amurrioko memoria historikora hurbilketa (1940-1975)” liburuak Amurrioko 17 emakumeren bizipenak biltzen ditu

Datorren apirilean, Olga del Castilloren eta David Beorleguiren “Emakumeen aztarnak. Amurrioko memoria historikora hurbilketa (1940-1975)” liburua argitaratuko da. Udalerriko emakumeen memoria historikoa ikertzeko eta berreskuratzeko Udaleko berdintasun sailak 2019an bultzatutako bekatik sortu zen, eta Gogora Institutuaren babesa du.

Amurrioko 17 emakumek lehen pertsonan kontatutako bizipenak biltzen ditu liburuak, emakumeen partaidetza jaso eta berridazteko, udalerriaren garapen historiko, ekonomiko eta sozialean duten protagonismoa agerian utziz. Frankismoko hirurogeiko hamarkadan hasi eta landa-gizarte tradizionaletik gizarte moderno industrialen berezko forma sozioekonomiko eta kulturaletara igaro den garaian kokatzen da.

Maria Arberas, Begoña Mendieta, Maria Tejada, Isabel Castro, Kontxi Aguillo, Mari Paz Echevarria, Mertxe Perez, Angelines Paniego, Begoña Álava, Loli Almanchel, Mar Deli Perez, Kontxi Plaza, Marisa Bitorika, Amaia Aldama, Nieves Irabien eta Marivi Marigorta dira protagonistak.

Proiektua Amurrioko Udaleko berdintasun sailak 2019an bultzatutako bekatik abiatzen da, eta genero-ikuspegiaren aldarrikapena bilatzen du, emakumeen eginkizuna ikusezina izatea ezaugarri duen une historiko batean. Lan horren bidez, hainbat emakumek berdintasunezko gizarte plurala eratzen lagundu duten moduak aztertu dira, hainbat balio, posizionamendu, esperientzia, itxaropen eta bizi-proiektu oinarri hartuta.

“Gure ustez, memoria historikoa berreskuratzea ezin da datuetara mugatu, eta liburu honetan jasotzen diren kontakizunak beharrezkoak dira. Liburuak, oraina ulertzeko eta aurrera jarraitzeko gako asko ematen ditu. Bide horrek, emakumeen eta gizonen arteko eskubide-berdintasunaren alde guztien artean egituratutako aldarrikapen-estrategia eta -ekintzak eskatzen ditu. Amurrioko mugimendu feminista, eraldaketa subjektibo, sozial eta politikoen ondare historikotik kartografiatu nahi dugu”, azaldu du Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak.

Liburuaren 200 ale argitaratuko dira, eta aurkezpenaren egunean erosi ahal izango dira. Aurkezpen ekitaldia datozen hilabeteetan egingo da, Covid-19ak sortutako egoera globala hobetzen denean eta ekitaldia berme guztiekin antolatu daitekeenean, proiektuan parte hartzen duten emakumeak eta herritarrak bildu ahal izateko.