Ehun gazte inguru errondan irtengo dira otsailaren 4an eta 7an, Santa Ageda ospatzeko

“Kintoen jaia” Amurrion urte askoko tradizioa duen jaia da. Aurten, otsailaren 4an eta 7an errondan irtengo diren ehun gazte inguruk hartuko dute parte. 2002an jaio ziren eta, ondorioz, aurten 18 urte beteko dituzten gazteak elkartuko dira.

Astearte honetan, otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, gazte talde hori herrian zehar ibiliko da errondan, hainbat taldetan banatuta, azken hilabeteetan prestatzen ari diren kopla abesteko.

Otsailaren 7an, ostiralean, gazteak berriro elkartuko dira, enpresak eta ikastetxeak bisitatzeko, eta 13:30ean guztiak Juan Urrutia plazan bilduko dira. Gauerdian berriro elkartuko dira. Gazteek antolatutako programazioaren barruan Elektrotxaranga Orkestraren saio bat egongo da 20:00etan, Fango Erromeria 23:00etan eta, amaitzeko, DJ Masa 02:00etan.

“Kintoen jaiak” urte asko daramatza ospatzen, oso sustraituta dago herrian eta partaideak noiz helduko zain egoten dira. Hasieran, gazteak soldadutzara joaten zirenean egiten zen. Gaur egun, “adinez nagusi egitearen jai” modukoa bilakatu da, hemezortzi urte betetzen diren urtean egiten baita.