Denis Urubko alpinista errusiarra izango da Amurrioko mendi jardunaldiaren protagonista azaroaren 8an

Mendiko Lagunak mendi taldeak, Amurrioko Udalarekin lankidetzan, “Natura eta mendia” jardunaldia antolatu du datorren azaroaren 8rako. Protagonista, mundu osoan ezaguna den Denis Urubko alpinista izango da. Hitzaldia 19:30ean izango da Amurrio Antzokian.

“HONEY M8000N” izenburupean, jatorriz errusiarra den alpinistak, Karakorum mendikatean dagoen Gasherbrum 2 mendira egin duen azken espedizioaren berri emango du. Bertan, Urubkok “Honey Moon” izeneko ibilbide berria ireki du, bera bakarrik arituta. Ezaguna da mundu osoko alpinista onenetakoa delako, altuerako erreskate askotan hartu du parte eta 8.000 metrotik gorako gailurretara neguan igo den lehenengoetakoa izan da. Horrez gain, bakarkako zenbait igoera egin ditu ibilbide berrietatik 8.000 metrotik gorako gailurretara.

Hori guztia dela eta, mundu mailako hainbat aintzatespen jaso ditu, ‘Piolet d’Or 2010’ eta National Geographic-ek ematen duen “2019ko urteko abenturazalea”, Adam Bielecki kidearekin batera.

Sarrerak aurretik eskuratu daitezke Mendiko Lagunak taldearen egoitzan eta Kultur Etxean, eta azaroaren 8an Amurrio Antzokiko txarteldegian jarriko dira salgai. Sarrerek 3 euroko prezioa izango dute.