Death Café izeneko topaketa antolatu da martxoaren 23rako, Amurrioko Kultur Etxean, heriotzari buruz errespetu osoz hitz egiteko.

Osasun Zentroko María José Ibars doktoreak koordinatuko du.

Martxoaren 23an, Death Café izeneko topaketa egingo da Amurrioko Kultur Etxean, 18:30ean. Udalerri horretako Osasun Zentroko María José Ibars doktorea izango da moderatzailea. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak eta Amurrioko Udalak antolatu dute. Death Café heriotzari buruz hitz egiteko gune bat da, heriotzari buruz dugun kontzientzia areagotzeko eta pertsonei bizitzari ahalik eta etekinik handiena ateratzen laguntzeko (finituak baitira). Herritar guztiek har dezakete parte. Gehienez ere hamabost pertsonarentzako tokia dago. Doako izen-ematea Kultur Etxean egin daiteke.

Death Café irabazi asmorik gabeko nazioarteko mugimendu bat da. Jatorrizko Ideia Bernard Cretazz suitzar soziologoarena izan zen, 2004an; gero, 2011n, Jon Underwood eta haren ama ekimena ezagutarazten hasi ziren, Londresen.

Ordudanik, mundu osora zabaldu da. Euskadin, 2016an egin zen lehen aldiz, Gasteizen, “Hiri errukitsuak” mugimenduaren barruan; gerora, beste euskal udalerri batzuetara hedatu zen, besteak beste Urduñara.

 

ZER DA DEATH CAFÉ BAT?

Heriotzari buruz hitz egiteko gune bat, aurretik ezarritako gidoirik gabe, iritzi guztiak errespetatuz eta heriotzaren askotariko alderdiak aintzat hartuta. Helburua ez da parte-hartzaileak ondorio batera iristea, ez eta aurretik zehaztutako proiektu bat edo jokatzeko modu bat ezartzea ere. Gune ireki bat da, erlijio eta pentsatzeko modu guztiak errespetatzen dituena, baita konfidentziala ere, bertaratzen diren pertsona guztiek errespetu eta tolerantziazko ingurune batean adierazi ahal izan dezaten haien iritzia. Azpimarratu beharra dago ez dela laguntza-talde bat edo doluari buruzko terapia-talde bat. Toki publikoan egiten da, mahai baten inguruan, kafearekin, freskagarriekin eta gozoekin.