COVID-19-ak eragindako Alarma Egoerari buruzko 463/2020 Errege Dekretuaren arabera baimendutako norbanako eta merkataritza jarduerei buruzko ohar argigarriak

COVID-19aren hedapena saihesteko Gobernu Zentralak alarma egoera eta Eusko Jaurlaritzak Osasun alarma egoera ezarri ondoren, Amurrioko biztanleen artean zalantza ugari sortu dira horien aplikazioaren eta nondik-norakoaren inguruan. Gainera, ikusi ahal izan da, udalerriko zenbait pertsonek ez diotela kasurik egin Agintariek edo Udaltzainek emandako aholkuei eta aginduei, edo horien oso interpretazio “pertsonala” egin dutela. Horren ondorioz, hainbat pertsonak salaketak jaso dituzte, izan ere, euren jarrera inzibikoaren eta insolidarioaren bitartez, euren buruak eta konfinamenduaren jarraibideak zorrotz betetzen ari diren gainerako biztanleak arriskuan jarri ditzakete, gure inguruan ditugun pertsona kalteberenak bereziki, adinekoak, batez ere.

Adierazitako guztiarengatik, Amurrioko Udaltzaingotik, baimenduta dauden merkataritzako eta norbanakoen jarduerei eta baimenduta EZ daudenei buruzko informazioa ematen zaie Amurrioko biztanleei, eta baita horiek ahalik eta segurtasun handienarekin egiteko moduari buruzkoa ere.

 

Merkataritza jardueren edo antzekoen irekierari buruz. Ateak zabal ditzakete?

Zein merkataritza lokalek ireki ditzake ateak?

Arlo hauetakoak bakarrik: elikagaiak, edariak, farmaziak, osasun-produktuak, optikak eta produktu ortopedikoak, produktu higienikoak, prentsa eta papergintza, gasolindegiak, tabakoak, teknologia eta telekomunikazio ekipoak, konpainiako animalien elikagaiak, Internet, telefono edo korrespondentzia bidezko merkataritza, tindategiak, garbitegiak eta albaitaritza-klinikak, ibilgailuak alokatzeko enpresak, banketxeak, notarioak, aholkularitzak eta aseguru-etxeak.

Jatetxeak eta elikadura establezimenduak jendearentzat itxita egon daitezke eta eramateko janariak presta ditzakete?

Janaria etxera eramateko zerbitzua baino ez dago berariaz baimenduta.

Elikadura establezimenduek janari prestatua saldu dezakete?

Eramateko salmenta bakarrik. Inoiz ez establezimenduan kontsumitzeko.

Okindegiek edariak saldu ditzakete, kafea barne?

Eramateko salmenta bakarrik. Inoiz ez establezimenduan kontsumitzeko.

Zerbitzu gune edo gasolindegi bateko jatetxea edo kafetegia zabalik egon daiteke?

Ez, baina dendan elikagaiak saldu daitezke.

Ile-apaindegiak?

Lokalaren irekiera ez dago baimenduta. Baimenduta dago etxean ematen den zerbitzu profesionala.

 Lokutoriak?

EZ, ez dagoelako jendearentzako lokalen artean itxita egon behar dutenen salbuespenen artean.

Asteroko azokak?

BAI, soilik baimendutako produktuak saltzeko, eta ezarritako osasun arauak betez.

Automobilgintzako tailer mekanikoak?

BAI, baina premiazko konponketa lanetarako.

Fabrikatu ere egiten duten merkataritza jarduerek ateak itxita lan egin dezakete?

BAI, tailer propioa baldin badute, lan egin dezakete, jendearentzat itxita egonez gero.

Jendearentzat zabalik egoteko baimenik ez duten establezimenduek mantentze eta hobekuntza lanak egin ditzakete barruan?

BAI.

Nutrizio produktuak saltzen dituen denda jendearentzat zabalik egon daiteke?

BAI, baina soilik beharrezkotzat hartzen diren produktuak saltzeko. Zeliakoentzako elikagaiak.

Kultu lekuetara, zeremonia zibiletara eta erlijiosoetara joatea?

BAI, baina eskumenak dituen osasun agintaritzak une bakoitzean ezartzen dituen neurriak hartzearen baldintzapean.

Jarduketak soroetan, negutegietan eta antzekoetan.

Jarduera profesionala egiten den lekuetan, baimenduta dago.

Establezimendu baten barrura sartzen naizenean, zein neurri hartu behar ditut?

Establezimendu barruko egonaldia, beharrezkoa den erosketa egiteko gutxienekoa eta ezinbestekoa izango da. Pertsonen artean 2 metroko distantzia gordetzea gomendatzen da.

Hotelen, aparta-hotelen eta landa-etxeen irekiera.

“Turismoko zenbait alojamendu funtsezko zerbitzu izendatu da, langileei ostatu zerbitzua emateko.”

Joan-etorriei buruz

Ba al dago oinez edo ibilgailuan zirkulatzeko eraman beharreko ziurtagiri edo dokumenturik?

Pertsonei ez zaie inolako ziurtagiririk eskatuko, baina joan-etorria justifikatzeko ematen duten informazioa baloratuko da. Informazio horrek zalantzak sortzen baditu, beste bide batzuetatik egiaztatu ahal izango da.

Pertsona bat bide publikoan ibili daiteke?

Pertsonak SOILIK honetarako ibili ahal izango dira erabilera publikoko bideetatik edo guneetatik:

 

  1. a) Elikagaiak, farmaziako produktuak eta beharrezko beste batzuk eskuratzeko.
  2. b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joateko.
  3. c) Lantokira joateko, bere laneko prestazioa profesionala edo enpresakoa egiteko.
  4. d) Ohiko bizilekura itzultzeko.
  5. e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, urritasuna duten pertsonei edo bereziki kalteberak diren pertsonei arreta eta zaintza emateko.
  6. g) Ezinbesteko zergatiengatik edo beharrezkoa izateagatik.
  7. h) Antzeko izaera duen beste edozein jarduketa gauzatzeko.

 

Joan-etorri horiek bakarrik egin beharko dira, urritasuna duten pertsonak, adingabeak edo adinekoak eramaten ez badira edo justifikatutako beste zergati bat ez badago.

Hala ere, joan-etorriak ahalik eta gehien mugatzea eskatzen da.

ADIERAZI DIREN JARDUERETARAKO JOAN-ETORRIAK BEHIN BAINO EZ DIRA EGINGO. EZIN IZANGO DIRA JOAN-ETORRIAK BEHIN ETA BERRIRO EGIN, BAIMENDUTAKO JARDUERAK EGITEAREN AITZAKIA BALIATUZ.

AGINTARITZAKO AGENTEAK BEREZIKI ZORROTZAK IZANGO DIRA HONELAKO PORTAEREN AURREAN

Mendekotasuna duten senideak bisitatu daitezke?

Bai, arreta eta zaintza emateko.

Mendekotasuna duen pertsona banaiz. Laguntza ematen didan pertsona etor daiteke?

BAI, baimentzen diren funtsezko zerbitzuen artean badago.

Leku batetik bestera joan naiteke adingabeen kustodia aldatzeko?

BAI, adingabeko bati arreta ematea dela ulertuta.

Umeak parkera eraman ditzaket?

Ez.

Nire seme-alabak normalean zaintzen dituen pertsonarekin utzi ditzaket?

BAI, adingabeko edo mendekotasuna duen pertsona bati arreta ematea dela ulertuta.

Zaborra kalera eraman daiteke?

BAI, gertueneko lekura eta ahalik eta denbora laburrenean.

Bizi garen eraikineko gune komunetan egon daiteke (patioan, lorategian, eskaileretan, garajeetan…)

EZ, erabilera komuneko gune pribatuak direlako. ERABAT DEBEKATUTA.

Maskota paseatzera atera daiteke?

BAI, pertsona bakarrak, ezinbesteko denbora tartean eta gure etxe inguruan.

EZ DAGO BAIMENDUTA GURE OHIKO BIZILEKUTIK URRUNTZEA, ETA ASKOZ GUTXIAGO GURE MASKOTA AITZAKIA GISA ERABILTZEA FAMILIAKO KIDE GUZTIEK ETXEAN EGON BEHARRA AGINTZEN DUEN KONFINAMENDUA EZ BETETZEKO.

AGINTARITZAKO AGENTEAK BEREZIKI ZORROTZAK IZANGO DIRA HONELAKO PORTAEREN AURREAN.

Parkera, hondartzara edo mendira joan al daiteke?

EZ, ez delako jasotzen bide publikoan mugikortasuna baimentzen den kasuen artean.

Zein muga dago ibilgailu partikularretan doan pertsona kopuruari dagokionez?

Ibilgailu batean pertsona bat baino gehiago joan ahal izango da, beti ere euren artean ahalik eta distantzia handiena utziz. Adibidez, turismo batean gehienez bi pertsona, gidaria eta bidaiari bat, bigarren hori atzealdean eta gidariarekin diagonalean.

Garraioa bederatzi plaza arteko ibilgailuetan.

Gidaria barne BEDERATZI PLAZA ARTEKO ibilgailuetan egiten den pertsonen garraio publikoak, pribatu osagarriak eta partikularrak, ibilgailuan pertsona batek baino gehiago bidaiatu behar badu, eserleku lerro bakoitzean gehienez ere pertsona bakarra joatea errespetatuko du, bidaiarien artean ahalik eta distantzia handiena gordez.

Ibilgailu profesionaletan eta enpresakoetan ere pertsona kopurua mugatuta al dago?

Lanean ari diren ibilgailu profesionaletan edo enpresakoetan (furgonetak, kamioiak), gidaria eta albokoa joan ahal izango dira, baldin eta euren artean ahalik eta distantzia handiena gordetzen badute.

Motozikletetan eta bizikletetan zirkulatu daiteke?

BAI, aurreikusitako mugikortasun zergatiengatik eta banaka bakarrik.

 

Eta taxian?

Pertsona bakarra joan ahal izango da, urritasuna duen pertsona bati, adingabe edo adineko bati edo autonomiarik ez duenari laguntzeko ez bada.

Aireportura, geltokira… senideren baten bila joan daiteke?

EZ. Aurreikusita dago bakarrik adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, urritasuna duten pertsonei edo bereziki kalteberak diren pertsonei laguntzeko.

Kontratu bat, dokumentazioa edo antzekoa sinatzera irten daiteke?

Justifikatutako zergatiarengatik eta atzeraezina bada bakarrik.

Pakete banatzaileek libre zirkulatu dezakete euren lana egiteko?

BAI, euren lan jardueraren barruan, behar bezala egiaztatuta.

Odola ematera joan al daiteke?

BAI, osasun agintariek horretarako deia egiten badute, eta prekauzio neurriak hartuz.

Bigarren etxebizitzetara bidaiatu daiteke?

EZ.

Bidaiarien garraio publikoa.

Garraio mota horretan Osasun agintariek ezarritako neurriak errespetatuko dira, eta beharrezkoa izango da bidaiarien artean ahalik eta distantzia handiena gordetzea.

Baserrietan edo landa guneetan dauden animaliei jaten ematera joan daiteke?

BAI, ahalik eta ezinbesteko denbora tarte laburrenean.