Berriro ekin zaie San Pedro mendian dagoen Gerra Zibileko euskal frontean egiten ari ziren lan arkeologikoei

Josu Santamarina Otaolak (EHU) zuzendutako arkeologia taldeak berriro ekin dio Berazako San Pedro mendian, Amurrio eta Urduña artean, egon zen Gerra Zibileko euskal frontea ikertzeari. Lehen fase honetako laugarren eta azken kanpaina da, eta, gainera, oinezko ibilbide bat egokitzea ere jasoko du.

Une honetan, indusketa arkeologikoen laugarren kanpaina egiten ari da, eta, amaitu ondoren, inguru horretako azterlanaren lehen fase handia amaitutzat emango da. Berazako San Pedroko lanak 2016an hasi ziren, eta helburua mendian prospekzioak egitea izan da, ondoren gerrako eraikuntza guztiak topografiaren ikuspegitik aztertzeko eta mapetan jasotzeko, baina baita lau bunker eta 100 metro lubaki eta babesleku baino gehiago induskatzea ere. Indusketa horiei esker, xehetasun handiz ezagutu ahal izan dira fronteko eguneroko bizitza eta bertan izandako borrokak. Aurtengo indusketek are gehiago sakondu gura dute ezagutza arkeologiko horretan.

2016., 2017. eta 2018. urteetako kanpainetan egindako indusketei esker, funtsezko piezak aurkitu ahal izan dira, lanak egiten ari diren eremua zehaztasun osoz datatzen laguntzeko. Indusketa bakoitzean 1.000 pieza arkeologiko baino gehiago dokumentatu dira, eta gero banan-banan eta zehatz-mehatz aztertu dira.

2016an eta 2017an, besteak beste Estatu Batuetatik, Mexikotik, Frantziatik, Alemaniatik, Txekoslovakiatik edo Britainia Handitik etorritako ehunka bala-zorro aurkitu ziren. Horrek argi eta garbi erakusten du gatazkaren nazioarteko izaera. Era berean, izaera zibileko aurkikuntzak ere izan ziren, txanponak eta Gasteizko La Esperanza Kontsumo Kooperatibaren 10 zentimoko txapa bat, adibidez.

Egindako kanpainetako aurkikuntzarik harrigarrienetako bat Euskadi egunkariaren, Euzko Alderdi Jeltzalearen garai hartako prentsa-organoaren, ale bat izan zen. Paper zati batzuk aurkitu ziren, eta, zaharberritu ondoren, 1937ko maiatzaren 5eko ale bat zela identifikatu ahal izan zen. Bestalde, 2018an egindako kanpainan, isilduta eta ahaztuta zegoen biografia bat berreraikitzeko balio izan zuen aurkikuntza bereziena egin zen. Manuel Mogrovejo Arnaiz milizianoa, Zornotzako gaztea, identifikatzen zuen plaka aurkitu zen. San Pedron borrokatu zen, eta geroago nazien Holokaustoa gainditzea lortu zuen.

 

Oroimenaren Ibilbidea

Indusketa proiektuarekin batera, Berazako San Pedro inguruari eta haren paisaia inguruneari balioa emango zaie, eta 2 kilometro inguruko oinezko ibilbidea egingo da, herritarrek ingurune horretaz gozatu ahal izan dezaten. Memoriaren Ibilbidea sortuko da, informazio panelak jarriz bisitariek egindako indusketa kanpainetan jasotako informazio guztia ezagutzeko aukera izan dezaten.

Aurten, Covid-19a dela eta, ezin izango dira aurreko urteetan bezala hitzaldiak, tailerrak eta bisita gidatuak egin, baina azaroaren 9an amaituko diren indusketak ezagutzeko interesa duen edonori arreta emango zaio. Hurbildu nahi duten pertsonek txandaka egin beharko dute, eta osasun agintariek ezarritako segurtasun neurriak betez.

Lan arkeologikoek Amurrioko eta Urduñako Udalen finantzaketa dute aurten ere, eta baita Aztarna Etnografia Elkartearen eta Aloriako, Lezamako eta Uzkianoko kontzejuen tokiko laguntza ere. Gainera, Gogoraren, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren, laguntza ere badute. Bestalde, proiektu arkeologikoaren zuzendaritza Josu Santamarina EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeko (CPAC) ikertzailearen esku dago.