Azaroaren 18ra arte egongo da zabalik Aiara eta Amurrioko VI. Erakusleihoen Lehiaketan izena emateko epea

Erakusleihoak abenduaren 9tik 19ra bitartean egongo dira erakusgai.

AEKOk (Aiaraldeko Enpresen Koordinaziorako Federazioa), Aiarako Kuadrillaren babesarekin, Aiarako Eskualdeko VI. Erakusleihoen Lehiaketa iragarri du. Horrekin batera, Apymca elkarteak (Amurrioko Merkatari Txiki eta Ertainen Elkartea), Arabako Foru Aldundiaren Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailaren dirulaguntzaren bitartez, VI. Erakusleihoen Lehiaketa antolatu du Amurrio udalerrian, 2019ko Gabonetako Kanpainaren barruan.

Aiarako lehiaketan parte hartu dezakete merkataritza- ostalaritza- edo zerbitzu-establezimendu bat dutenek, betiere Aiarako Kuadrillaren barruan badago eta maila teknikoan baloratu daiteken erakusleiho bat badu (barrukoa edo kanpokoa izan daiteke). Amurrioko lehiaketan parte hartzeko, establezimendua udalerrian egon beharko da. Izena emateko epea azaroaren 18an amaituko da, eta Apymca elkartearen egoitzan (Amurrioko Kultura Etxean), 945891200 eta 670497108 telefono-zenbakietan edo posta elektroniko bidez (apymca@gmail.com) egin ahal izango da. Aiarako lehiaketan doan eman ahalko da izena, eta Amurriokoan doakoa izango da Apymca elkarteko bazkideentzat, eta 30 eurokoa bazkide ez direnentzat.

Bi lehiaketetako gaia askea izango da, betiere establezimenduan normalean saltzen diren artikulu eta produktuak erakusten badira.

Erakusleihoak erakusgai egon beharko dira abenduaren 9tik 19ra bitartean. Antolatzaileek Gabonen aurreko ekimen tradizional horretan parte hartzeko gonbita luzatu dute.

Euskararen integrazioa erakusleihoan

Aurten, berrikuntza moduan, Amurrioko Erakusleihoen Lehiaketan sari bat banatuko da euskararen integrazioari begira. Kategoria horretan parte hartzeko baldintza betetzeko, euskarazko testu bat gehitu beharko da erakusleihoan, gutxienez zazpi hitzekoa.