San Anton merkatuko postuak txandakatu egingo dira ostiral bakoitzean

San Anton merkatuak duela bi aste berreskuratu zuen jarduera elikagaiak saltzeko postuekin, ezarritako segurtasun neurri guztiak betez. Aste honetan beste pauso bat emango da, gainerako postuei ere merkatuan parte hartzeko aukera emanez. Dena den, postuen artean egon behar den segurtasun distantzia betetzeko, ezinezkoa izango da guztiek parte hartzea.

Hori dela eta, merkatua osatzen duten 22 postuekin egindako zozketaren ondoren, ostiral bakoitzean txandakatuz joango diren 3 talde osatuko dira, osasun-egoerak merkatuen antolaketan aldaketak egiteko aukera ematen duen arte. Elikadurako produktuak saltzen dituzten postuak zozketa horretatik kanpo egongo dira.