Amurrioko liburutegiak etxez etxeko liburu mailegua eskaintzen du, konfinamenduan dauden hamalau urtetik gorakoentzat

Telefonoz edo posta elektronikoz eska daitezke liburuak, eta etxean bertan entregatuko ditu Herri Laguntzaileak taldeak.

Amurrioko liburutegiak etxez etxeko liburu‑maileguen zerbitzua eskaintzen du COVID‑19aren ondorioz konfinamenduan dauden hamalau urtetik gorakoentzat; izan ere, liburu batek konpainia handia egin dezake. Mailegu‑eskaerak telefonoz egin daitezke (945393720 edo 607017451, baita Whatsapp bidez ere), edo posta elektronikoz (liburutegia@amurrio.eus), astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:00etara eta 16:45etik 19:45era.

Mailegua librea eta doakoa da Amurrioko liburutegiko bazkide‑txartela dutenentzat. Bazkide ez denak, bere datuak eman ditzake txartel horretan alta emateko. Eskatzaile bakoitzak, gehienez, hiru argitalpen eskatu ahalko ditu. Mailegatu baino lehen, liburuak desinfektatu egiten dira eta entregatzeko prestatu diren paperezko poltsetan sartzen dira. Liburuen etxez etxeko banaketa Herri Laguntzaileak taldeak egingo du, dagokien identifikazioarekin eta segurtasun‑neurri guztiekin.