Amurrioko Udalak aurrekontua aldatu du proiektu berriak bultzatzeko

Amurrioko Udaleko osoko bilkurak aurrekontu orokorraren 440.150 euroko doikuntza onartu zuen atzo, eta kopuru hori proiektu berriak bultzatzeko eta jada udal arloetan dauden partidak indartzeko erabiliko da.

“Joan den martxoaren 11ko osoko bilkuran, 2021eko aurrekontu orokorra onartu zenean, aurrekontu-mahai bat sortzeko konpromisoa hartu genuen. Mahai horretan, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak egon dira, eta, bertan, beharrezko ekintzak egin ondoren, hainbat arlotan soberakin gisa geratu den diruarekin zer egin aztertu da”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Guztira, 440.150 euro banatuko dira. Ingurumen arloaren kasuan, 104.150 euroko birdoikuntza egingo da arloko partiden barruan. Bestalde, 100.000 euroko kreditu transferentzia egingo da tenis eta padel pistetako lanak batera egiteko. Azkenik, aurrekontu-mahaian egindako ekarpenen ondoren, 236.000 euro hainbat inbertsiotara bideratuko dira, Udaltzaingorako ekipamendu informatikoa hobetzera, Amurrio Antzokirako makineria eta ekipamendu berriak erostera, autobus-geltoki bat sortzera eta eszenatoki bat eta aparkatzeko orube bat eskuratzera, besteak beste. Gainera, gazteen enplegua sustatzeko partida (20.000 euro), sustapen ekonomikoaren arlokoa (30.000 euro) eta herritarren parte-hartzearen arlokoa (18.000 euro) handitu egingo dira.

HAPOren behin-behineko onarpena

Atzoko osoko bilkurako beste erabakietako bat Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin-behineko onarpena izan zen. Udal-plangintzako arau subsidiarioak berrikusteko eta plangintzaren irizpideak eta helburuak onartzeko aurretiazko azterlanekin hasi ziren eta jadanik gauzatuta dauden faseen ondoren, Amurriok Planarekin aurrera egiteari ekin zion, eta herritarrek iradokizunak aurkez zitzaten epea ireki zuen. Prozesu hori amaitu ondoren, 2015ean hasierako onarpena eman zitzaion plan orokorrari, eta gero alegazioak aurkezteko epea ireki zen. Epe hori 2018ko osoko bilkuran ebatzi zen, zegozkion Azterlan Akustikoarekin, Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren dokumentuarekin eta Genero Eraginari buruzko Aurretiazko Txostenarekin batera.

HAPOa gauzatzeko faseetan, herritarrek parte hartzeko prozesu bat onartu zen, eta horretan Udal Plangintzako Aholku Batzordeak ere esku hartu du. Horri esker, gizarteak parte-hartze handia izan du hirigintza-plangintzan, herritarren partaidetzarako, ingurumenerako eta jarduera ekonomikoetarako foroen bitartez.

Atzo behin-behineko onarpena eman ondoren, dokumentua Eusko Jaurlaritzari bidali behar zaio, ingurumen-organoaren bitartez bi hilabeteko epean informazioa eman eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak hiru hilabeteko epean txostena egin dezan. Txosten horien ondoren, Amurrioko Udalak behin betiko onarpena eman ahal izango dio.

Euskara Planaren onarpena

Amurrion euskararen erabilera eta ezagutza sustatzeko asmoz, atzo IV. Euskara Plana onartu zen. Dokumentu berri horrek Udaleko sail bakoitzaren diagnostikoa jasotzen du, eta, bertan, euskararen erabilera areagotzeko arlo bakoitzerako hainbat ekintza planteatuko dira.

Gainera, planak ekintza hauek biltzen ditu, besteak beste: Udal Musika Eskolan, Kiroldegian eta Amurrio Antzokian euskara planak gauzatzea; herritarrei eta udal langileei zuzendutako komunikazio elebiduneko ereduak sortzea; “Hauxe Da” aldizkariko hizkuntzaren erabilera aztertzea; Administrazio- edo udal-kontratuetan hizkuntza-klausulak txertatzea; antzokietako eta jaietako euskarazko eskaintza aztertzea eta areagotzea; elkarteen diru-laguntzetan euskara sustatzeko ekintzak sartzea; Mintzalagun udal-taldea sortzea, euskara, zerbitzu-hizkuntza izateaz gain, lan-hizkuntza bihurtzeko; udal-langileek euskara ezagutzea eta ulertzea erraztea, ikastaroen eta beste baliabide batzuen bidez; euskararekiko motibazio- eta kontzientziazio-saioak antolatzea kirol eta kultur hezitzaile eta entrenatzaileekin; euskarazko zerbitzuak indartzeko kontratuetan hizkuntza-klausulak txertatzea; edo administrazio elektronikoa sozializatzeko euskarazko multimedia-baliabideak sortzea.

 

Amurriok, gorabeherak kudeatzeko sistema berri bizkorragoa eta eraginkorragoa ezarri du

Amurrioko Udalak pauso garrantzitsua eman du obren eta zerbitzuen arloa eta egunero jasotzen diren gorabeherak modu eraginkorragoan kudeatzeko eta herritarrekiko komunikazioa hobetzeko. Horretarako, Urban Services sistema ezarri da. Eredu berri horrek, arloko lana planifikatzeko eta sistematizatzeko eta gorabeheren prozesu osoa barrutik berrantolatzeko aukera ematen du. Horrekin batera, InfoAmurrio izeneko App-a sortu da, herritarrek administrazioarekin telefono mugikorretik elkarreragiteko komunikazio-kanal osoa ezartzeko.

Herritarrek udalerriaren egoeraren inguruan duten gero eta parte-hartze handiagorako joerak gorakada ekarri du azken urteotan Amurrioko Udalak konpondu beharreko gorabeheren kopuruan. Orain arte, barruko eta kanpoko gorabeheren berri hainbat bidetatik ematen zen: telefonoa, posta elektronikoa, Herritarrentzako Arreta Zerbitzua, WhatsApp bezalako kanal berriak, herrilaguntzaileen eskutik eta herritarren partaidetza-arloak bultzatutako partaidetza-prozesuen bidez, auzo-batzarren bidez, besteak beste. Hori dela eta, barruan egindako lanaren ondoren, gorabeherak kudeatzeko prozesua arintzea erabaki da.

“Udalerrian egunero agertzen diren gorabeherak ondo kudeatzeko eta herritarrekin komunikazio zuzena eta hurbila izateko, beharrezkoa da egungo beharrei erantzungo dien aplikazio berri hau txertatzea. Inplementazio honekin udalerrian gertatzen diren gorabeheren kudeaketa eraginkorra eta automatizatua izatea eta denbora errealean egitea bilatzen dugu”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

InfoAmurrio App-a

Apple Storetik edo Google Playtik doan deskargatu daitekeen InfoAmurrio aplikazio mugikorraren bidez, Amurrioko bizilagunek udalarekin zuzeneko komunikazioa izateko aukera dute. Aplikazioa deskargatu ondoren, ongietorriko pantaila batera sartuko gara. Bertan, jakinarazpenen postontzia, harpidetzak, Udalaren telefono-zenbakia eta konfigurazio-atala agertuko dira, erabiltzaileak hizkuntza aukeratzeko edo informazio-kanaletako harpidetzak kudeatzeko aukera izan dezan.

Pantailaren behealdean ‘Zure Udala’ botoia dago, eta horren bidez aplikazioa osatzen duten gaietara sartuko gara. Bertan, honako hauek aurki ditzakegu: ‘Informatu’ udal aktualitatera sartzeko; kultur jarduerak jasotzen diren ‘Kultura’; ‘Turismoa’, turismo webgunera bideratzen duena; ‘Amurrio Bidean’, bere webgunera sartzeko; ‘Gorabeherak’, horien berri emateko; ‘Herritarren ataria’, udal tramiteak egiteko; eta, azkenik, udal sare sozialetarako sarbidea.

Herritarrek udalarekin duten interakziorik handiena, gorabeherak jakinarazteko atariaren bidez egingo da. Herritarrak zer gorabehera mota den adierazi ahal izango du: argiteria, garbiketa, altzariak, besteak beste. Jakinarazpena bidaltzean, gertakariaren kokalekua, argazkia eta iruzkina erantsi ahal izango dira, eta baita harremanetarako datuak ere. Gorabehera erregistratu ondoren, erabiltzaileek haren jarraipena egin ahal izango dute.

Kudeaketa eraginkorra eta sistematizatua

Urban Services plataforma ezartzeak udal-brigaden eta udalak hainbat zerbitzu egiteko azpikontratatutako enpresen lana koordinatzeko aukera ematen dio hirigintza eta obra sailari. Sistema hori ezartzeak taldeen lanak planifikatu, antolatu eta sistematizatzeko aukera ematen du; horien artean, herritarrek antzemandako gorabeherak, eraginkortasun handiagoa lortuz.

Besteak beste, tresna horren bidez, Amurrioko Udalak gorabeherak detektatu eta erregistratu eta sailkatu ahal izango ditu, egiaztapen- eta diagnostiko-prozesu bat egin ahal izango du, eta, konpondu ondoren, gorabehera itxi egingo da.

Sistema hori ezartzeak kostuak optimizatzea eta mantentze-ekipoak hobeto kudeatzea ahalbidetuko du; izan ere, ekipo bakoitzak aplikazio bat izango du, eta, aplikazio horren bidez, horietako bakoitzari esleitutako lanak bistaratuko dira. Amurrioko alkateak nabarmendu duenez, “lanaren kudeaketa Urban Services sistemaren bidez zentralizatzeak, gabeziei azkarrago erantzuteko eta lanen koordinazioa, erregistroa eta bilakaera hobetzeko aukera emango du”.

Amurriok Landako auzoa urbanizatzeko eta kiroldegia eraberritzeko eskatu dio Foru Planari

Amurrioko Udaleko osoko bilkurak gaur goizean onartu du Arabako Foru Aldundiaren Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren 2022-2023 Programaren barruan bi proiektu gauzatzeko diru-laguntza eskaera. Proposatutako jarduketek Landako auzoa urbanizatzea eta Bañueta kiroldegia barrutik eraberritzea eta birbanatzea aurreikusten dute.

Datozen urteetan Udalak Landako auzoaren urbanizazioa egingo du. “70eko eta 80ko hamarkaden arteko urbanizazioa duen eremua da, eta garai hartan lekua ibilgailuentzat lehenesten zen. Arabako Foru Aldundiaren Obra eta Zerbitzuen Foru Planari aurkezten diogun aurreproiektuarekin, Landako auzoan berdegune gehiago izatea, eta irisgarriagoa izatea bilatzen dugu, oinezkoa protagonista izatea”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Ingurua berrurbanizatzeak, hornidura-azpiegiturak, hondakin-uren saneamendua, euri-uren saneamendua, elektrizitate-, argiteria publiko- eta telefonia-azpiegiturak lurperatzea eta kaleak zolatzea ekarriko du berekin, irisgarritasunaren inguruan indarrean dagoen araudira egokituta. Proposamenak 1.206.810 euroko aurrekontua izango luke, eta Landakoko bizilagunekin landuko da. “Behin betiko proiektua auzotarrek diseinatuko dute auzoko batzarretan”, adierazi du Molinuevok.

Bigarren obrak, berriz, Bañueta kiroldegiaren barrualdea eraberritzea eta birbanatzea proposatzen du. Proiektu horrek espazio berriak sortu nahi ditu kirol-instalazioan, herritarrek hautemandako beharrei erantzuteko, ikasgelak edo itxaroteko edo atseden hartzeko topalekuak, besteak beste. Udal Dantza Eskolarako lekua eta Bañuetan aritzen diren klub eta elkarteen lokalak ere hobetuko dira. Lanek 1.604.278 euroko inbertsioa eskatuko lukete.

“Une honetan, Amurrio Udal Ekipamenduen Plana egiten ari da, eta, beraz, prozesu horretatik ateratzen diren ondorioek Bañueta kiroldegiaren barruan beste espazio batzuk hobetu daitezkeela ikusteko balioko dute, betiere hobekuntzen ardatz nagusitzat zaintzak eta herritarren kontziliazioa hartuta”, azaldu du Molinuevok.

Amurrioko Udalak urteko zergen eta udal tasen ordainketa zatitzeko aukera emango du

Herritarrei jakinarazten zaie Amurrioko Udalak aldizkako kobrantzako zergen eta udal‑tasen ordainketa zatitzeko aukera emango duela Ordainketa Sistema Bereziarekin (OSB), banku‑helbideratzearen bidez. Amurrioko Udalarekin zerga‑zorren ordainketa eguneratuta duen edozein pertsona interesdunari zuzentzen zaio. Izapidea egiteko OSBri eskaera‑inprimakia aurkeztu behar zaio, honako hau zehaztuta: ordaintzeko betebeharra duen pertsonaren identifikazio osoa; sistemaren barruan sartu nahi den zerga erlazioa; banku‑helbideratzerako eta egin nahi den kuota kopururako (2, 3, 4 edo 9) datuak.

Edozein momentutan egiteko aukera

Izapide hori edozein momentutan egin daiteke. Eskaerak eragina izango du, eskaera egin eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera. Azpiko taulan OSBaren funtzionamenduari buruzko informazioa dago. Interesdunek informazio gehiago lor dezakete Amurrioko Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan.

NOLA FUNZIONATZEN DU ORDAINKETA SISTEMA BEREZIAK (OSB)?

‑Sistema horrekin, herritarrek banku‑helbideratzearen bidez kuota partzial eta berdinetan hainbanatutako ordainketa egin ahalko dute.

‑Azken kuotan, azaroan ordaindu beharrekoan, azken zenbatekoarekin erregularizatuko da.

‑Kuota bakoitzaren ondoriozko zenbatekoak ezingo du 10 € baino gutxiago izan.

‑Eskaera bakoitzean, ordainketapeko eta zergaldi bakarreko zorrak bakarrik sartu ahal izango dira.

‑Hainbanatutako ordainketa‑sistema horri atxikitutako zerga guztiei dagozkion zenbatetsitako zor guztiak zergadunak eskatzen duen kuota kopuruan zatituko da (2, 3, 4 edo 9). Azken kuota, erregularizaziokoa, sistema horretan betetako kuoten arteko ezberdintasunak eta subjektu pasiboari dagozkion onetsitako errolden ordainagirien guztizko zenbatekoak zehaztuko du. Amurrioko Udalak ekitaldian sortzen diren zerga‑kontzeptu berrien ordainagiriak sartu ahal izango ditu zatitutako ordainketa sistema horretan.

‑Hainbanatutako kuoten kobrantza subjektu pasiboak helburu horretarako adierazitako kontu‑korrontean zordunduko da muga‑hilabete bakoitzeko lehenengo hamar egunetan.

‑Muga‑hilabeteak honako hauek izango dira:

  • Ordainketa 9 kuotatan egitea erabaki bada: otsaila, martxoa, apirila, maiatza, ekaina, uztaila, iraila, urria eta azaroa.
  • Ordainketa 4 kuotatan egitea erabaki bada: otsaila, maiatza, iraila eta azaroa.
  • Ordainketa 3 kuotatan egitea erabaki bada: otsaila, ekaina eta azaroa.
  • Ordainketa 2 kuotatan egitea erabaki bada: maiatza eta azaroa.

‑Azken erregularizazioaren ondorio gisa Udalaren partetik itzulketa bat egin beharko balitz, ofizioz banku‑helbideratze berean egingo da itzulketa, eta kontzeptu horregatik ez da interesik emango. Itzulketa ez da gauzatuko subjektu pasiboak ordaindu gabeko zorrak baditu Udalarekin.

‑Ekitaldian zehar egiten diren ordainketak konturako sarreratzat joko dira eta sistema horri heltzen dioten zerga‑zorren ordainketara egotziko dira azken ordainketa‑aplikazioa egiten denean.

‑Kuota partzial bat ez bada ordaintzen administrazioari lepora ezin dakiokeen arrazoi batengatik, ordainketa‑sistema horren kitapen automatikoa zehaztuko da, Udalak jakinarazteko beharrik gabe.

‑Ordainketa‑sistema horretara atxikitako pertsonek edozein momentutan eska dezakete borondatezko baja, eta eskatu eta hurrengo urtean izango du eragina. Kitapenek, zein borondatezko bajek kobrantza‑sistema horretan ordura arte sortutako errolda‑ordainagirietatik kanporatze automatikoa ekarriko dute.

‑Horrela sortutako errolda‑ordainagiriak zerga bilketako sistema orokorrak aginduko ditu, dagozkion datetan likidatuko da ordaintzeko borondatezko epeen arabera.

‑Ordainketa sistema horretarako atxikimendua emanda, hurrengo ekitaldietan ere aplikatuko da, interesdunak berariazko uko egiten ez badu.

‑Zatitutako ordainketa prozedura indarrean dagoen bitartean aldizkako epemugadun ordainagiriagatik ez da beste ordainketa egiaztagiririk emango sistema beraren ordainketatik eratorria ez bada.

 

Amurrioko Udalak skatepark bat diseinatzeko proiektua esleitu du

Amurrioko Udalak beste pauso bat eman du herriko gazteei zuzendutako aisialdirako azpiegitura berri bat izateko. Bowl motako skatepark bat diseinatzeko proiektua Soulparks enpresari esleitu zaio, ondoren gauzatzeko.

Amurrioko Udalak 50.000 euroko partida gorde du instalazio berri hori egiteko. Bowl erako skatepark bat eraikitzeak, batez ere gazteen artean eskaera handia duen aisialdi-espazio bat sortzea dakar.

Azpiegitura berria udalerriak Abiaga kalean duen skate-pistaren ondoan egongo da, eta hainbat formatako eta altueratako kaxoi ugari izango ditu, eta baita arrapalak, eskailerak eta jaisteko barra bat ere.

Arte Eskolako, Herri Musika Eskolako eta Udal Dantza Eskolako matrikulazio irekia

Amurrioko Arte Eskolak datorren ikasturterako tailerren eskaintzarekin jarraituko du. Helduentzako bi proposamen berri nabarmentzen dira, argazki-tailer bat eta harrizko eskultura-tailer bat. Halaber, Herri Musika Eskolak eta Udalaren Dantza Eskolak ohiko eskolak ematen jarraituko dute

Juan Aranoa Udal Eskola Artistikoan egiten diren tailerretarako izen-ematea irailaren 17ra arte egongo da zabalik. Bestalde, Herri Musika Eskolan izena emateko epea irailaren 10ean bukatuko da. Bi aurrematrikula horiek aurrez aurre egin ahal izango dira Kultur Etxean, 10:00etatik 14:00etara, edo online, kulturetxea@amurrio.eus helbidearen bidez, izen-emate orria sinatuta bidalita.

Udalaren Dantza Eskolaren kasuan, matrikulazioa Amurrioko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan egingo da, modu presentzialean zein online.

Arte Eskolako tailerrak

Arte Eskola izen-ematea

Herri Musika Eskola informazioa

Herri Musika Eskola izen-ematea

Dantza Eskola informazioa

Dantza Eskola Izen-ematea

Dantza Eskola online izen-ematea

Amurrioko Udalaren erakunde adierazpena Murchanteko heriotza gaitzesteko eta kondenatzeko

Genero-indarkeriaren biktimei arreta eskaintzean parte hartzen duten eragile guztiek 2014ko maiatzaren 16an sinatu zuten erakundeen arteko jarduketa eta koordinazioko erakunde-protokoloa, genero-indarkeriaren biktimen arreta hobetzeko. Hain zuzen, dokumentu horretan ezarritakoa betez, udal honek erabaki du udaleko alderdi politiko guztien eskutik honako hau onartzea:

MURCHANTEKO HERIOTZA GAITZESTEKO ETA KONDENATZEKO ERAKUNDE-ADIERAZPENA

Ondo dakigun bezala, emakumeen kontrako indarkeria, gure gizartean emakumeen eta gizonen artean dagoen desberdintasunaren sinbolo basatiena da, eta emakumeen duintasunaren eta integritate fisiko eta moralaren kontrako atentatu jasanezina da eta, ondorioz, Giza Eskubideen bortxatze larria eta onartezina dakar berarekin.

Murchanteko emakume baten erailketa dela eta, hilketa horren aurreko gure erabateko gaitzespena adieraziz.

Hori dela eta, Amurrioko Udalak adierazten du

1.- Amurrioko Udalak guztiz kondenatzen du Murchanteko heriotza, eta horri dagokienez, erabat arbuiatzen eta sumintzen duela adierazten du.

2.- Solidariotasun eta hurbiltasun osoa erakusten dio biktimaren familiari eta lagunei.

3.- Gogorarazten dugu gizarteko gaitz horren aurka elkarrekin borrokatzeko erantzukizuna eta premia ditugula gizartearen, erakundeen eta herritarren instantzia guztiok, eta ahotsa altxatu eta salatu egin behar dugula erabat eta salbuespenik gabe indarkeria edota bortxa matxistaren edozein zantzu.

4.- Gainera, biktimen eta senideen esku jarri behar ditugu genero-indarkeriako kasuei aurrea hartzeko eta arreta eskaintzeko beharrezkoak diren baliabideak.

5.- Amurrioko herritarrei gogorarazten die milaka emakumeri zuzenean eragiten dieten gertakari mota horiek ez daudela gizartetik eta eguneroko bizitzatik heriotza hauek emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpen handiena da, baina egunerokoan emakumeen aurkako eraso horien adierazpen eta jarrera asko gertatzen dira, eta horiek guztiak kondenagarriak eta gaitzesgarriak dira.

6.- Ildo horri jarraikiz, herritarrak animatzen ditugu jarrera aktiboa hartzera emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenen aurrean: berau salatzera, ez onartzera, isilik ez egotera eta biktimei babesa erakustera.

7.- Halaber, deia egiten zaie amurrioarrei 2021eko uztailaren 8an 19:00etan Amurrioko plazan bost minutuko kontzentraziora hilketa honen aurreko gaitzespena adierazteko

Amurrioko Udalak 2021eko ‘Amurrio Hiribildua’ XXXV. lehiaketa artistikoa deitu du

Amurrioko Udalak, saritan 6.500 euro banatuko dituen 2021eko  ‘Amurrio Hiribildua’ XXXV. Lehiaketa artistikoa deitu du. Lanak irailaren lehen hamabostaldian jasoko dira eta sariak irailaren 30ean banatuko dira La Casonan, hautatutako lanen erakusketaren inaugurazioarekin batera.

Parte-hartzaile bakoitzak bi lan berri eta original aurkeztu ahal izango ditu, lehiaketa batean sarituak izan gabeak eta teknika eta gai librekoak. Lanen neurriei dagokienez, bi dimentsioko obrak 150 x 150 zentimetrokoak izango dira gehienez, eta hiru dimentsiokoak, berriz, 100 zentimetrokoak gehienez.

Obrak jasotzea

Lehiaketak 6.500 euro banatuko ditu saritan eta oroimenezko eskultura bana irabazleentzat. Lehen sariak 4.000 euroko balioa izango du eta bigarrenak 1.500 eurokoa. Gainera, 1.000 euroko sari lokala banatuko da Amurrioko parte-hartzaileen artean.

Lanak La Casona aretoan jasoko dira irailaren 1etik 16ra, 10:00etatik 14:00etara, astelehenetan izan ezik. Sari banaketa irailaren 30ean izango da, 19:00etan, lehiaketan hautatutako lanak hilabetez hartuko dituen erakusketaren inaugurazio ekitaldian.

Oinarriak

Amurriok “Amurrion gehiago irabazi euskararekin” proiektuarekin jarraitzen du

Amurrioko Udalak, bere euskara arlotik, euskararen erabilera sustatzearen alde egiten jarraitzen du kultur programazioaren eta aisialdiko jardueren bidez edo merkataritzaren, ostalaritzaren, enpresen, elkarteen eta herritarren artean hainbat kanpaina bultzatuz. Ildo horretan, Udalak datozen 5 urteetarako akordioa berritu du Ahize aholkularitza-enpresarekin, eta, horrela, 15 urtetik gorako ibilbidea duen “Amurrion gehiago irabazi euskararekin” proiektuarekin jarraituko du.

Udalerriko denda, ostalaritza, elkarte eta enpresa txikietan kontzertatzaileen sarearen bidez euskararen erabilera sustatzea da proiektuaren helburu nagusietako bat. Horretarako, urtean zehar, hizkuntzaren erabilera bultzatzeko hainbat kanpaina egingo dira.

Kanpaina horiekin batera, urte osoan zehar abian da langile euskaldunak identifikatzeko aukera ematen duen eta itzulpen-zerbitzua eskaintzen duen “nirekin euskaraz” ekimena, establezimenduetako kartelak eta dokumentazioa ele bitan jartzeko aukerarekin, eta baita euskarriak euskaraz emateko zerbitzua ere. Azken horren bidez, Udalarekin hitzarmena sinatuta duen edozein enpresak, elkartek edo establezimenduk euskarazko kartelak eska ditzake, bere negozioan erakusteko. Azken urte honetan, hitzarmen kidearen argazkia duen 25 euskarri berri eskatu dira eta ikusgai jarri dira establezimendu ezberdinetan.

 

Akordioaren berritasunak

Datozen urteetan, “Amurrion gehiago irabazi euskararekin” proiektu barruko ekintza berriak jarriko dira martxan. Sare sozialak indartzeko plan berezi bat eta proiektuarekin bat egiten dutenen webguneak euskaratzeko kanpaina berezi bat egingo dira. Era berean, hitzartutako establezimenduak binilo batekin identifikatuko dira, beraien konpromiso-mailaren arabera, eta urte bakoitzean sektore jakin batean eragiteko neurriak hartuko dira.

Oporretan ere Euskaraz

Urtebetez “Oporretan ere Euskaraz” udalekuak egin ezinik egon ondoren, eta neska-mutilen artean euskara modu ludikoan sustatzeko asmoz, gaur hasiko da programaren edizio berria. Guztira 356 plaza izango dira, bi hamabostalditan banatuta, 222 lehenengoan eta 134 bigarrenean.

Egungo osasun-egoerak jarduera baldintzatu du eta erakundeek ezarritako neurrietara egokitu da. Horretarako, 25 begirale baino gehiago izango dira eta 10 pertsonako burbuila taldeak beteko dira. Saioak astelehenetik ostiralera izango dira, 10:00etatik 13:30etara, eta hainbat gunetan egingo dira, Mendiko ikastetxean, Bañueta kiroldegian, parkean eta pilotalekuan, umeak pilatzea saihesteko.

‘Udako kultur tantak-Cultura a pie de calle’ ekimenak udako zinea, antzerkia eta musika programatu ditu uztailerako

Amurriok kultur programazioari eusten jarraitzen du ‘Udako Kultur tantak-Cultura a pie de calle’ programaren bitartez. Udalak udako hilabeteetan kultura kalera ateratzeko egiten ari den apustuarekin jarraitzen du. Uztailerako udako zine emanaldiak, kale antzerkia eta formatu txikiko kontzertuak antolatu dira.

Uztaileko programazioa

Uztailak 1: “AMURRIOKO TXISTULARIAK”, kontzertua. 19:30ean Villa Fen.

Uztailak 2: “LOMOKEN HOBOKEN”, blues-rock kontzertua. 20:00etan, Juan Urrutia plazan.

Uztailak 8: “LA LLAMADA DE LO SALVAJE”, udako zinea. 22:00etan Juan Urrutia parkean.

Uztailak 9: “GUILLERMO TRUJILLANO Y LOS OTROS”, kontzertua. 20:00etan Juan Urrutia parkean.

Uztailak 16: “GWA YA”, reggae kontzertua. 20:00etan Abiagabarri auzoan.

Uztailak 17: “2.984, EL PROGRAMA”, kale antzerkia. 20:00etan Juan Urrutia parkean.

Uztailak 22: “HASTA QUE LA BODA NOS SEPARE”, udako zinea. 22:00etan Juan Urrutia parkean.

Uztailak 23: “KEU AGIRRETXE PABLO NOVOA”, pop akustiko kontzertua. 20:00etan Juan Urrutia parkean.

Uztailak 29: “CUATRO BANCOS”, rap-rock kontzertua. 20:00etan, Zabalekon.

Uztailak 30: “ERIZ & LAINOPILAK”, rock kontzertua. 22:00etan Juan Urrutia parkean.

Uztailak 31: “DEABRU BELTZAK” Les tambores de feu. 22:00etan Juan Urrutia parkean.