Amurrioko Udalaren aurrekontu orokor proiektua 18 milioi eurokoa da

Amurrioko Udaleko gobernu taldeak 2020rako prestatu duen aurrekontu orokor proiektua 18.183.943,30 eurokoa da, 2019an baino %14 gehiago, neurri batean, iazko aurreikusita zeuden zenbait ekintza 2020an gauzatuko direlako. Aurrekontuaren %53 Herritarren Sailera bideratzen da, %24 Lurralde Sailera eta, azkenik, %23 Antolakuntzara.

“2020 honetarako aurkezten ditugun kontuak, azken ukituak jasotzen ari den 2019-2023 Legealdiko Planarekin lerrokatuta daude. Aurrekontu horrek pertsonak jartzen ditu, berriro ere, gauzatu behar diren udal politiken erdian, etorkizunera begiratuko duen udalerria bultzatuz”, adierazi du Josune Irabien alkateak.

Aurrekontu orokorreko inbertsioen kapitulua %28,70ekoa da, eta azpimarratzekoa da, milioi bat euroko inbertsioarekin, Energia eraginkortasuna kontuan izanda egingo den Amurrioko argien berriztatze osoa. Partidak, gasolindegiko biribilguneko obraren egikaritzea, aurrekontu parte-hartzaileen kanpainan erabakitako Etxegoieneko aparkalekuaren eraikuntza, eta industrialdeen hobekuntza dira, besteak beste. Horrez gain, Obra eta Zerbitzu Foru Planaren lanekin jarraituko da, ur sareen zaharberritzea eta El Reforreko belar artifizialeko zelaiaren amaiera, besteak beste.

Beste urte batez, Amurrioko Udalak aurrera eramaten dituen gizarte arloko politikak indartzearen aldeko apustuarekin jarraitzen du. Hori dela eta, aurrekontu proiektuan partida horrek %11ko igoera izango du. Kontuetan igoko diren beste partida batzuk euskarari dagokiona, %21eko hazkundearekin, eta kirolaren sustapenari dagokiona, %16arekin, dira.

Azpimarratzekoa da, baita ere, udalerriko elkarteei zuzendutako zenbatekoa. Elkarte horiek dira, Udalarekin batera, Amurrion egiten diren jarduera askoren ardatz egituratzailea. Guztira, Amurrioko elkarteek aurrekontuaren %5 inguru jasotzen dute, hau da, 750.043,56 euro.

“Udal kontuen egoera ekonomiko saneatuak gure herritarren beharrei erantzuteko konpromisoa betetzeko aukera ematen digu. Horregatik, elkarrizketarako eta Amurriok aurrera egitea eta etorkizunari begiratzea eragingo duten ekimen guztiak modu aktiboan entzuteko prest gaude. Horrela, elkarrizketa arina egin da PSE-EE taldearekin eta, proiektuak aztertu ondoren, arlo soziala indartzea adostu da, eta baita 300.000 euroko inbertsioak egitea ere”, azaldu du Josune Irabien Amurrioko alkateak.